Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hamazazpi kasu atzeman dituzte otsailaren 9an: Lasarte-Orian eta Usurbilen, bosna; Andoainen, Astigarragan eta Hernanin, bina; eta, Urnietan, bat. Eremu gorritik atera dira Hernani eta Urnieta, baina 500eko mugatik oso gertu daude oraindik. Gune horretan segitzen dute Astigarragak, Lasarte-Oriak eta Usurbilek. Gure herriko intzidentzia tasa metatua jaitsi egin da, eta 682,59koa da (atzo, aldiz, 735,10ekoa).
EAEko hiru lurralde historikoetan 748 kutsatze diagnostikatu dituzte asteartean, bezperan baino 25 gehiago. Positibo guzti horietatik 208 detektatu dituzte Gipuzkoan. Atzemandako positibo kopurua egun batetik bestera zertxobait igo bada ere, Osakidetzako beharginek egin dituzten PCR eta antigenoen proben positibotasun tasa hiru ehuneko jaitsi da, %5,6koa izan baita (13.437 test egin dituzte orotara).
99 pertsona ospitaleratu dituzte koronabirusak jota asteartean. Guztira, Osakidetzako zentroetan 547 paziente daude ingresatuta, horietatik 165 larri, ZIU unitateetan (bezperan baino zortzi eri gehiago).