CIMASUB ZIKLOA

Itsasoan murgildu da Lasarte-Oria

Maddi Zaldua-Iñigo G. Sarobe 2021ko ots. 8a, 19:23

Jesus Mari Egizabalek eta David Sanchezek aurkeztu dute astelehenean hasi den CIMASUB zikloaren XIII. edizioa.

CIMASUB itsaspeko zinema zikloa hamahirugarren urtez ekarri dute herrira Real Sociedad taldeko urpekaritza sailak, Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Lehen emanaldi-sorta astelehenean bertan egin dute, 19:00etan hasita. Ordu batzuk lehenago, hilaren 26ra arte ikusgai egongo den argazki erakusketa inauguratu dute udal ordezkariek.

Hara eta hona joateko maskarak ezinbestean jantzita eraman behar diren honetan, zailagoa da pertsona bat pozik dagoen edo ez antzematea. Dena dela, keinu txiki batzuek hori erakusten dute: irribarre egitean aurpegian marrazten zaizkigun zimurtxoak, begiak zertxobait ixtea, horiek dir-dir egitea... Jesus Mari Egizabalek eta David Sanchezek –Danok Kide eta Real Sociedad taldeko ordezkariak, hurrenez hurren– hori guztia egin dute gaur arratsaldean, CIMASUB zikloa aurkeztu dietenean kultur etxera gerturatu diren ikus-entzuleei. "Poza ematen du, bizi ditugun garai zail hauetan, aurreko urteetan adina lasarteoriatar ikustea hemen eserita", adierazi du Egizabalek.

Itsaspean dagoena erakutsi eta ezagutarazteko asmoz antolatzen dute CIMASUB. Ikus-entzuleak liluratzeko, eta kontzientziatzeko ere bai. "Zabortegi bezala erabiltzen ari gara itsasoa", ohartarazi du Sanchezek. "Ereindakoa jasotzen dugula esaten dute, eta beste behin, argi geratu da hori: bizitzen ari garen pandemia ez da kasualitatez iritsi guregana". COVID-19a gora, koronabirusa behera, kultura "segurua" dela nabarmendu du itsaspeko zinema zikloaren zuzendariak, eta aurtengo hiru proiekzioak –hurrengo biak hilaren 15an eta 22an egingo dituzte, kultur etxean, 19:00etan– "gozatzeko" eginak daudela. 

Gaur egun helduak direnak ez ezik, etorkizunean halakoak izango direnak ere kontzientziatu nahi dituzte antolatzaileek. Txikizikloa egin dute gaur goizean: 110 ikasle joan dira Manuel Lekuona kultur etxera, itsasoan zer dagoen deskubritzera. "Ikaragarria izan da, eta gaztetxoek sekulako interesa erakutsi dute: galderak egiteko txanda eten egin behar izan dugu azkenerako, denborarik gabe geratu baikara", jakinarazi du Sanchezek.

Argazki erakusketa, hilaren 26ra arte

Astelehen arrtsaldean inauguratu dute CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren argazki erakusketa. Arratsaldeko 16:00etan bildu dira Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian udal ordezkariak eta itsaspeko zinema zikloaren zuzendari David Sanchez Carretero eta Danok Kide elkarteko ordezkari Jesus Mari Egizabal. Denek elkarrekin ikusi dituzte erakusketa osatzen dituzten argazkiak. 365 argazki jaso dituzte antolatzaileek, eta, horietatik 25 aukeratu dituzte.

Munduko hainbat lekuetako irudiak bildu dituzte, besteak beste, Argentinakoak, Filipinetakoak, Alemaniakoa eta abar, baita Euskal Herrikoak ere, Hondarribikoak, esaterako. 

Hilaren 26ra arte, ostiralez izango da erakusketa bisitatzeko aukera. 17:00etatik 20:50erako ordutegian egongo da zabalik, astegunetan.

Erlazionatuak

Itsaspean dagoena ezagutarazteko

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 04 Kultura