CIMASUB ZIKLOA

Itsaspean dagoena ezagutarazteko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 4a, 08:00

Otsailaren 8an hasiko da CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren XIII. edizioa. Real Sociedad taldeko itsaspeko sailak, Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak antolatu dute, elkarlanean. Itsasoaren azpian dagoen guztia ezagutarazi nahi dute: "Batetik, alde argitsua eta koloretsua, ikus-entzuleak gatibatzeko; eta, bestetik, aurpegi iluna, itsasoa nola zigortzen ari garen erakusten duena, zabortegi bezala erabiltzen baitugu", nabarmendu du zikloko zuzendari David Sanchez Carretero herritarrak.

Itsasoaren hondoan zer nolako bizitza eta kolorea dagoen, imajinatu ere ez dugu egiten. Eta zenbat zabor, zenbat hondakin, zenbat plastiko dagoen ere ez. "Uretan dagoen zaborraren %80a hondoan dago; plastikoa da gehiena, eta urteen poderioz desagertu beharrean, txikiagotu egiten da, itsasoan bizi diren espezieen elikadura-katean sartu eta guk jaten dugun arte", nabarmendu du Carreterok, CIMASUB itsaspeko zinema zikloaren aurkezpen prentsaurrekoan. 

Real Sociedad taldeak, Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak antolatu duten zikloak itsasoaren bi aurpegiak erakutsi nahi ditu. "Alde batetik, alde argitsu eta koloretsua, ikus-entzuleak gatibatzeko eta bizitza errespetatzen ikasteko; eta, bestetik, soslai iluna, zigortzen ari baikara natura, zabortegi bezala erabiltzen", esan du CIMASUBen zuzendariak. 

Emanaldiak eta erakusketa

Urteak dira Lasarte-Oria ere itsaspean buzeatzen hasi zenetik. Aurtengoa XIII. edizioa izango da. Ohi bezala, bideo-emanaldiak egingo dituzte kultur etxeko auditorioan, eta argazki erakusketa bat ireki, kafetegian. Proiekzioak izango dira hilaren 8an, 15ean eta 22an, astelehenarekin, 19:00etatik 20:30era. "27 laburmetraia eta bi dokumental luze ekarri ditugu aurten", jakinarazi du Carreterok. "Eskaintza zabala, dinamikoa eta hetzailea da". Sarrerak doakoak dira, eta kultur etxeko leihatilan har daitezke honezkero. Ikus-entzule bakoitzak bi gonbidapen jaso ditzake asko jota. 

Argazki erakusketa ere otsailaren 8an zabalduko dute; 16:00etan inauguratuko dute. 365 argazki jaso dituzte antolatzaileek, eta 25 aukeratu. Horiek jarriko dituzte ikusgai kultur etxean, datorren asteko astelehenetik hasi eta hilaren 26ra arte, ostiralez. 17:00etatik 20:50era egongo da zabalik, astegunetan. 

Danok Kide elkarteko ordezkari Jesus Mari Egizabalek azpimarratu duenez, urtetik urtera gero eta herritar gehiago animatzen dira itsasoa eta horrek gordetzen duena ezagutzera: "Iaz egin genituen hiru saioetara 450 bat ikus-entzule etorri ziren". Aurten, COVID-19ak eragindako egoera tarteko, ikusteke dago zer nolako harrera izango duen zikloak, baina antolatzaileek uste dute jakin-mina piztuko duela. Adin-talde guztietako lasarteoriatarrak gonbidatu dituzte kultur etxera gerturatzera.

Argazkilariek eta bideo-egileek 116 lan aurkeztu dituzte; ia-ia bikoiztu egin dute 2018an jasotako ikus-entzunezko kopurua

116 lan

"CIMASUB zikloa antolatzen gabiltzanon helburua da urtetik urtera gero eta argazkilari eta bideo-egile gehiagok parte hartzea", adierazi du Carreterok. "Lortzen ari garela esan dezaket, 116 lan aurkeztu baitira aurten; 2018ko datuak bikoiztu ditugu ia, urte horretan 62 jaso baikenituen". Laburmetraia, dokumental eta argazki guztiak "kalitate oso altukoak" direla azpimarratu du herritarrak. 

Orain etxeko txikienak diren neska-mutil horiek hezte aldera, Txikizikloa egingo dute aurten ere. Lau dokumental proiektatuko dituzte, eta klima aldaketaren gaineko hitzaldi bat antolatu. 

Udal ordezkariak ere bertaratu dira aurkezpen prentsaurrekora. Agustin Valdivia alkatearen hitzetan, "kulturaren alde apustu egiten" jarraituko du udalak, "osasun-egoerak ahalbidetzen duen heinean behintzat". "Kultura batzordeak sekulako lana egin du lasarteoriatarrek horren garrantzitsua den alor batez gozatzen jarrai dezaten".

Erlazionatuak