'LasARTE-Oria' argazki lehiaketa: informazio orokorra

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 09:00

Aurtengo inauteriak apartekoak izango direla-eta, Ttakun KEk inauterietako lehiaketa antolatu du, TXINTXARRI aldizkariaren webgunearen bitartez.

Urte berezia da, zalantzarik gabe, baina elkarteak inauterien izpirituari eutsi nahi dio. Umore ona eta irudimena sustatzea helburu, herriko bizilagunak gonbidatu nahi ditu Ttakunek, buruari eragin, eta mozorro original bat pentsa eta presta dezaten. Horrez gain, euren etxeetako leiho eta balkoiak apaintzera ere animatu nahi ditu elkarteak.

Aukeratutako gaia artea da. "Artearen bidez ideiak, emozioak eta, oro har, munduaren ikuspegia adieraz daitezke. Arkitektura, eskultura, dantza, musika, zinema, pintura... Herriko artista guztiei balio diezaiekete inspiratzeko eta mozorro original bat asmatzeko.  Uxa ditzagun une batez augurio txarrak, eta agur esan diezaiogun neguari: gora inauteriak!"

Parte-hartzaileak bakarka, lagunekin edo familiakoekin mozorrotu daitezke, eta lehiaketan parte hartu. Horregatik, hiru kategoria ezarri dira: batetik, familiak (9 urtera arteko haurrak); bestetik, gazteak (10 eta 16 urte artekoak); eta, hirugarrenik, helduak (17 urtetatik aurrera).

Parte-hartzaile bakoitzak argazki bat aurkeztuko du, originala eta gaiarekin bat datorrena. Argazkian norbanakoak, gehienez lau pertsonaz osatutako taldeak edo elkarrekin bizi diren senideak batera ager daitezke.

50 euroko sei opari-txartel banatuko dira mozorrorik original eta onenarentzat; maila bakoitzeko bina sari (irudian ikus ditzakezue). Sari bat herritarrek aukeratuko dute euren bozkekin, eta, bestea, lau lagunez osatutako epaimahai batek. Argazkilari batek, jostun batek, ile-apaintzaile batek eta aktore batek deliberatuko dute.  

Argazkiak TXINTXARRI aldizkariko webgunera igo edo 646 82 44 66 Whatsapp zenbakira bidali beharko dira otsailaren 11 eta 16a bitartean. Argazkiaren izenburuak mozorroarekin zerikusia izan behar du.

Otsailaren 17tik 21era bozkatu ahal izango dira webgunean bertan. Epaimahaiaren erabakia, berriz, 2021eko otsailaren 22an jakinaraziko da.