Iñaki Petxarroman: "Egin behar dugun aldaketak azkarragoa behar du izan; gauzak beste modu batera egiten hasi behar da"

Maddi Zaldua 2021ko ots. 5a, 12:30

'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' kazetaritza liburua idatzi du Iñaki Petxarromanek. Bertan bildutako datu eta hausnarketez solastu daTXINTXARRI-rekin 

Klima eta ekologia larrialdiari buruzko kazetaritza liburua idatzi du Iñaki Petxarroman (Lasarte-Oria, 1973) kazetari lasarteoriatarrak. Sei atal ezberdinetan banatu du lana, eta horietan aztertu du bizi dugun krisia ukatzeko izan diren jarrerak, gizakiaren eragina bizi dugun garai geologikoan, egungo egoera zein den, Euskal Herrian zer egiten ari den, etorkizunera begirako erronkak zeintzuk diren, eta COVID-19aren eta klima eta ekologia krisiaren arteko harremana zein den.

Jakin eta Elkarrek babestuta, Aleka bildumako hamargarren lana da Petxarromanena, eta bertan bildutakoren gainean hitz egin du txintxarri-rekin.

Aspaldi agertu ziren klima aldaketaren lehen zantzuak. XX. mendearen hasieran zientzialariek egindako zenbait txostenetan azaltzen zuten, besteak beste, itsasoko uren mailaren hazkundea. Hori jakinda, nolatan murgildu gara Ezezagunerako bidaia honetan? Zergatik ez da behar den arretarik jarri?
Egia da lehenengo ikerketak XX. mende hasieran azaldu zirela, baina egoeraz jabetzen azelerazio handian hasi ziren; XX. mende erdialdetik aurrera. Erregai fosilen erabilera masiboaren eta industrializazio prozesuaren ondorioz jabetu, eta hasi ziren txostenetan modu zientifiko batean agertzen berotegi gasen isurketek etorkizunean eduki zitzaketen ondorio larriak, klimari zegokionez. Hor azaltzen hasi ziren, gaur egun, zoritxarrez, gertatzen ari diren zenbait fenomeno. Adibidez, anplifikazio polarra, hau da, poloetako berotze prozesua beste lekuetan baino azkarrago gertatzen ari dela; iheslari klimatikoen gaia, alegia, lurreko zenbait tokitan bizi baldintzak zailtzen eta zenbait momentutan ezinezko bihurtzen direnen heinean, jendea hasiko dela bere lurrak uzten, eta abar.

Zergatik ez zaion honi erreparatu? Bada, azken finean, indarrean dugun sistemaren eta garapen ereduaren oinarrian egon delako, neurri handi batean, erregai fosilen erabilera masiboa; ikatza eta petrolioa, besteak beste. Horiek ustiatzen dituzten enpresa eta lobbyak oso boteretsuak dira eta ahalmena eduki dute duela bi edo hiru hamarkada hartu behar ziren zenbait erabaki atzeratzeko. Horrelaxe iritsi gara 1,1 graduko berotze batean egotera, klima aldaketaren zantzua saihetsezina den egoerara. 

Mundua etengabeko aldaketa prozesu batean dago beti, baina erreparatu behar zaio aldaketa hori ematen ari den abiadurari, ezta? Hortik dator zenbait adituk pentsatzea seigarren desagertze handia izan daitekeela bizitzen ari garena.
Hori da zenbait adituk esaten dutena, nik ez dakit hori horrela gertatu daitekeen edo ez. Aditu batzuk esaten dutena da, Lurra planetaren baldintza biofisikoetan eragin ditugun aldaketen ondorioz, hainbat espezie desagertzen ari direla, ez bakarrik klima aldaketarengatik, baizik eta gu geu egiten ari garen suntsiketarengatik ere bai. Ekosistema pila bat desagerrarazten ari gara, oihanak, besteak beste. IPCC Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeak egindako txosten baten arabera, 8.000.000 espezietik 1.000.000 desagertzeko arriskuan daude, eta ez hori bakarrik:  desagertze prozesu horren abiadura sekulakoa da. Kontuan hartzen badugu gertatzen ari diren aldaketa batzuen azkartasuna, panorama beldurtzeko modukoa da, egia esan.

Seigarren desagertze baten aurrean ote gauden esatea zailagoa da. Nik uste dut aldaketa gogorren garai batean gaudela, baina gizakiak erresilientzia handia dauka; baldintza gogorretara ere egokitzeko ahalmen handia dauka. Gehien sufrituko dutenak izango dira baldintza sozioekonomiko txarrenenak dituzten herrialdeak eta giza kolektiboak.

Argi dagoena da, ez baditugu aldatzen gure praktikak eta lurrarekin daukagun harremana, egon gaitezkeela arrisku horretan. 

Deskarbonizazioa ezinbestekoa da. CO2 karbono dioxido isuriak  nabarmen gutxitu behar dira bizi dugun egoerari buelta emateko. Industria garaian baino 1,1º beroagoa da munduko bataz besteko tenperatura, eta Euskal Herrian ere 1ºtik gora igo da tenperatura. 
Euskal Herrian, tokiaren arabera, munduan gertatzen den bezala, batez besteko tenperatura gehiago edo gutxiago handitu da. Adibidez, Pirinioetan, 1,1 graduko berotze hori gainditu da; 1,5 graduko berotzea dago bertan. Barnealdean, orokorrean, gehiago berotu da tenperatura, Errioxan esaterako. Kostaldean eta Kantauri isurialdean, pixka bat gutxiago; gradu bat baino gutxiago.

Baina hori baino garrantzitsuagoa da joera. Toki guztiak ari dira berotzen, eta horrek sortzen dituen aldaketak, ziur aski, atzera bueltarik gabekoak izan daitezke. Horrek dakar, deskarbonizazio prozesua martxan jartzearen beharra, ezinbestean eta ahalik eta lasterren, sektore guztietan:  garraioan, nekazaritzan, industrian, etxebizitza sektorean, eta abar.

Gure sistemaren erroan dauden baldintzak aldatu behar ditugu, bai ekoizpen prozesua, bai kontsumo maila. Aldaketa oso konplexua da, baina ezinbestekoa. Hori da atera behar dugun irakaspena; gertatzen ari diren muturreko fenomenoetan gehiago murgildu nahi ez badugu.

2015. urtean Parisko Hitzarmena sinatu zuten 195 herrialdek baino gehiagok,  bermatzeko tenperaturaren hazkundea bi gradutik beherakoa izatea. Hori lortzeko, ordea, berotegi gasen isurketak ¼ gutxitu beharko lirateke 2020. eta 2030. urteen artean. Herrialde kutsatzaileenak, ordea, ez dira agindutakoa betetzen ari. 
2015etik 2019ra bitarte, handitu egin dira berotegi gasen isurketak. Egia da 2020an %7ko jaitsiera egon dela, baina urtea erabat berezia izan da; koronabirusaren ondorioz, murriztu egin da gure mugikortasuna eta industriaren zati bat geldirik egon da, besteak beste. 2020a ezin daiteke hartu urte normal bat bezala. Adituek esaten dutena da %7ko jaitsiera egin behar dela urtero, baina iaz gertatutakoa ezin daiteke eredutzat hartu. Izan balitz aldaketa urte normal batean gertatu dela, gure garraio ereduan edo gure deskarbonizazio prozesuan eman dela, pausoak hein horretakoak izan balira, agian bestelako irakurketa batzuk egin zitezkeen. Baina gauden puntuan ezin dugu horrelako irakurketarik egin; oraingoz ez behintzat.

"2015ean Parisko Hitzarmena sinatu zenetik handitu egin dira berotegi gasen isuriak Euskal Herrian" 

Orain, AEBetako presidente aldaketarekin, Joe Bidenek agertu du Trumpen legatu politikoa alde  batera uzteko asmoa, besteak beste azalduz, AEBak klima larrialdiari aurre egiteko Parisko Hitzarmenera itzuliko dituela.
Munduko potentzia handienak eta sistema kapitalistaren oinarri batzuetan bai egin da deskarbonizazio prozesu mantso baten aldeko apustua. Hor dago adibidez New Green Deal edo Itun Berde Berria, planteatzen duena nolabaiteko inbertsio erraldoi batzuk bideratzea karbonoan oso intentsuak diren jarduerak ordezkatzea, bestelako energia iturri batzuekin. Ematen du Joe Bidenek ere bat egiten duela joera horrekin eta horrek esan nahi du, ziur aski datozen urteetan ikusiko dugula aldaketa bat zentzu horretan.

Nik uste dut Europar Batasunean apustua lehendik zetorrela norabide horretan, eta AEBetan ere hortik joan litekeela. Kontuan eduki behar dugu halere, AEBetan erregai fosilen eta petrolioaren industriak, frackingek esate baterako hemen baino askoz indar handiagoa daukatela eta lobby horiek egingo duten presioa, ziur aski, hemen baino askoz handiagoa izango dela.

Dena den, Trump egotetik Biden egotera, klima larrialdiari dagokionez ekarriko ditu aldaketak. Kontua da munduak eta planetak behar dituen aldaketa bakarrak ez direla arlo klimatikokoak; ekologia mailakoak ere badira. Bizi dugun krisi hau ez da klimatikoa bakarrik, ekologikoa ere bada, besteak beste bioaniztasunaren galera hor dagoelako, eta, gainera, oso zaila da ordezkatzea erregai fosilekin sortu dugun sistema hori, jatorri berriztagarriko iturriekin bakarrik. Hortaz, pentsatu behar dugu, ezinbestean jaitsi egin behar dugula gure ekoizpen eta kontsumo maila; ekonomiaren arlo materiala murriztu behar da. Beste atal batzuk, agian, handitu, hazi daitezke, adibidez, zaintza, hezkuntza, osasuna, eta abar; karbonoaren kontsumoan hain intentsiboak ez diren horiek. 

IPCCren arabera, alde handia legoke 1,5 graduko edo bi graduko berotzearen artean. Muturreko fenomeno meteorologikoak bortitzagoak lirateke bi graduko berotzearekin. Begi bistara ez dirudi alde handia dagoenik bi tenperatura horien artean.
IPCCk egin zuen 2017-2018. ikasturtean txosten bat gai horri erreparatzeko eta ikusteko zeinen garrantzitsua den 1,5 graduko berotze maila ez gainditzea. Parisko Hitzarmenak aipatzen zuen bi graduko berotzea muga gisa erabiltzea, baina IPCCk eta zientzialariek azpimarratzen dute 1,5 graduko berotzea dela gainditzea komeni ez den marra ziurra.

Kontuan hartuta, dagoeneko 1,1 graduko berotzea nozitzen ari garen momentu honetan sekulako sute, bero-boladak, eta eurite bortitz eta uholdeak jasaten ari bagara, bada, pentsa, tenperatura 1,5 gradu berotzen bada. Eta zer esanik ez bi graduko berotzea ematen bada; gaur egun daukaguna bikoiztea litzateke. 
Tenperatura horien arteko aldea azaltzeko, adibide asko jar daitezke, besteak beste  Artikoko izotza hamar urtean behin urtuko litzateke bi graduko berotzearekin, ehun urtean behin urtu beharrean –Hori gertatuko litzateke 1,5º berotuko balitz–. Natur hondamendiak tenperatura berotze batekin edo bestearekin ezberdinak izango lirateke; alde handia legoke. Adibidez, glaziarren urtzea ere askoz handiagoa litzateke bi graduko berotzearekin. Zientziak esaten duena da bi gradukoa ez, 1,5 graduko berotzea ez gainditzea bermatu behar dela, baina, goazen bidean, oso zaila da hori. 

Valerie Masson-Delmonte paleoklimatologoak gizartearen kontzientzia hartze azkarrean du itxaropena. Kontzientzia hartze azkar hori, ordea, berehala egin behar da.
Orain dela hamar edo hamabost urte, gai hau ez zegoen agenda politikoetan, eta gaur egun, toki guztietan dago. Kontua da egoera aldatzeko eskatzen zaizkigun aldaketak oso gogorrak, handiak eta errotik egin beharrekoak direla. Horregatik, uste dut garrantzitsua izango zela duela hogei edo hogeita hamar urte hasi izan balitz orain hasi behar den prozesuarekin. Horregatik,  gauden fase honetan denak izan behar du azkarra.

Baina gizartearen kontzientziazio maila nik esango nuke, bereziki, Parisko Hitzarmena sinatu zenetik hona handitu egin dela. 2018. eta 2019. urteetan egon ziren gazteen mobilizazioak, eta hedabide nagusietan gai hau indar handiz sartu zen. Uste dut gizartean lehentasunen agendan bai sartu dela gaia eta kontzientzia anbientalista gero eta handiagoa dagoela, eta hori, dudarik gabe, sakontzen joango da datozen urteetan, eragiten ari garen kaltea oso handia delako eta horrek dakarrelako bestelako erantzuna jendearen aldetik. Gero eta kalte handiagoa egin, jendeak gero eta kontzientzia handiagoa izango du naturaren babesarekiko.

Glaziarren urtzearen ondorioz, ur hori guztia itsasoratzen ari da, ondorioz itsas maila %25-30ean hazi da; urtetik urtera ura 3mm igotzen ari da. Euskal kostaldetan ere hasi da hori antzematen. Aurreikusten da 2050erako itsas maila gaur baino 20 zentimetro gorago egotea. 
ai, zalantzarik gabe. Egia da, gure kostaldearen berezitasunengatik, behar bada biziguneei begira ez duela hainbeste eragingo. Egia da, marea goretan eta denboraleetan inpaktuak gaur egungoak baino askoz handiagoak izan daitezkeela eta arriskuak ere bai. Arrisku horiei aurre egiteko baliabideak martxan jar daitezke, baina askoz ere dedikazio handiagoa jarri beharko zaio, bai giza baliabideen aldetik, eta baita ekonomikoen aldetik ere.

Dagoeneko gertatzen ari da eta gertatzen jarraituko duela garbi dago. Datozen urteetan egoera hori geroz eta nabarmenagoa izango da.

"Itsasoak ezkutatu egin du guk sortutako kutsadura, baina hori hor dago"

Eta itsasoko uren berotzeen ondorioak ere agerikoak dira, besteak beste, ernaltze zikloen aurreratzea gertatzen ari da. Eta oraindik larriagoa dena, hainbat espezie bizilekua aldatzen ari dira: batzuk iparraldera alde egiten eta berriak gure itsasoetara etortzen. Bizkaiko golkotik, esaterako, Gelidium alga desagertzen ari da.
Bai horiek dira gertatzen ari diren ondorio klimatiko batzuk, gertatzen ari direnak ez bakarrik itsasoetan, baita lurrean ere. Azken finean, klima aldatu ahala natura  egokitzen joaten da, bere habitatak aldatzen joaten dira; animaliak eta bestelako izakiak joaten dira bilatzen aldaketa gertatu aurreko baldintzak dituzten bizileku berriak.

Hori, itsasoan ere gertatzen ari da, bai. Hotza gustuko duten zenbait espezie iparralderago joaten ari dira, eta beroa gustuko dutenak, berriz, gure ingurura etortzen ari dira, gure urak beroago baitaude. Horri gehitzen badiogu gure alde batetik besterako mugimenduak, eta mugimendu horietan nola eramaten ditugun espezie inbaditzaileak, zer esanik ez.

Espezien nahasketa inoiz baino handiagoa da eta horrek ere sekulako arazoak ekartzen ditu gero; espezie inbaditzaileen ondorioz, desagertzen ari dira lekuan lekuko espezieak eta aipatu dugun espezieen desagertzearen arrisku horrekin bat datorren joera bat da. 

Itsasoa da munduaren birika,  oxigenoa sortzen ari delako etengabe eta CO2 xurgatzen duelako. Itsasoak dena garbituko duela pentsatzeari utzi behar diogu, eta hortaz, nahi adina kutsadura botatzeari utzi.
Itsasoak bere zabaltasun horretan eman dezakeen irudia izan daiteke dena irensteko gai dela, baina itsasora botatzen duguna hor geratzen da. Adibide oso esanguratsua da plastikoarena. Gaur egun badaude plastiko uharteak itsasoan, hedaduran Euskal Herria baino handiagoak direnak. Zientzialari israeldar batzuek egindako txosten batean irakurri nuen, dagoeneko, planetan dagoen plastikoaren pisua bizi diren animalienaren bikoitza dela. Horrek jartzen gaitu behar dugun aldaketaren tamainaren aurrean.

Egia da itsasoarekiko gure harremana, orokorrean, naturarekikoa bezalakoa izan dela, alegia, neurririk gabe kutsatzekoa. Itsasoak ezkutatu egin du, baina era batera edo bestera kutsadura hori hor dago, hor geratzen da. Atmosferan gertatu den 1,1 graduko berotzea, itsasoan motelagoa gertatu da, baina, aurrera begira, jasotzen duen bero horrek denbora gehiagoz iraungo du bertan. Hortaz, zailagoa izango da hori etetea; itsasoak jaso duen gehiegizko energia hori guztia hor geratuko da datozen hamarkadetan. Besteak beste, esaten denean joera klimatikoa berotzearena izango dela, hein handi batean horregatik ere bada.

Basoak ere CO2 xurgatzaileak izanik, ezinbesteko dira klima krisiari aurre egiteko.  2019an, ordea,  24.000.000 hektarea baso desagertu ziren.
Nik uste garrantzitsua dela basoak desagertzeaz gain, zein baso mota ari diren desagertzen. Ez da berdina orain dela hogei urte jarritako, adibidez, eukalipto plantazio edo pinudi bat, edo Amazoniako orain arte ustiatu ez den oihan bat. Bereziki garrantzitsuak dira horiek, horiek dira babestu beharreko basoak. Besteak sortu ere bai, baina garbi dago naturaren sorlekuak eta natura babesteko lekuak direla.

Pandemiarekin badugu adibide bat. Baso batera joaten bagara, suntsitzen badugu eta hor dauden espezieak desagerrarazten baditugu edo espezie horiekin komertzializatzen badugu, hor gordeta egon izan diren birus eta patogenoak guregana iristeko arriskua dago. Horren sortzen ditu zoonosiak –animalietatik gizakietara transmititzen diren gaixotasunak– eta horiek geroz eta arrisku handiagoan jarriko gaituzte.

Klimaren berotzearen inguruan ere beste birus batzuk ere zabalduko dira: adibidez, geroz eta zabalduago dago malaria. Klima berotzen ari denez, malaria transmititzen duen eltxoa gero eta zabalduago dago lehen ezagutzen ez zen lekuetan ere. Hortaz, ezin dugu pentsatu naturaren gainean egiten ditugun kalteek ez dutela gugan eraginik izango. Gero eta frogatuago dago hori hala gertatzen dela. 

Klima eta ekologia larrialdiak eragingo dituen muturreko fenomenoen ondorioz klima arrazoiengatik lekualdatu beharko da gizakia haren bizilekutik, beste norabaitera.  
Dagoeneko, klima arrazoiengatik mugitzen ari da gizakia. Gaur egun, Nazio Batuen erakundeak kuantifikatuta dauzka 30.000.000 lagun mugitzen ari direla klima arrazoiengatik, eta aipatzen du, 2050erako mugimendu mota hori hamarkoiztu egingo dela, alegia 300.000.000 lagun mugituko direla munduan klima arrazoiengatik. 
Mugitzearen arrazoiak oso zabalak izan daitezke: ur hornidura arazoengatik, edo lehorteengatik, eta abar, hau da, lehen zituzten bizi baldintzak ez dituztelako gehiago izango. Hori, ordea, ez da etorkizuneko kontu bat, hori dagoeneko gertatzen ari da eta egoera okertu ahala, geroz eta gehiago emango da. 

Trantsizio ekologikoari dagokionez, Europaren atzeko bagoian gaudela diozu. Klima politikaren ikuspegitik, nola egiten ari dira gauza Euskal Herrian? COP25 klima aldaketaren inguruko goi bilera baino hilabete batzuk lehenago, 2019ko uztailean, klima larrialdia deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Adibide bati errepara geniezaioke horri erantzuteko. 2015ean Parisko Hitzarmena sinatu zenetik 2019. urtera berotegi gasen isurketak handitu egin dira Euskal Herrian. Horri so egitea nahikoa da, eta, gero, ikusita trantsizioa nola eta zein abiaduratan egiten ari den, ikusten da ez gaudela aurreko multzoan, inondik inora.

Europar Batasunak eztabaidatu du 2030erako Europako Parlamentuak CO2 isurketak %60ko murrizketa eskatu ala ez, eta, hor, aurka bozkatu zutenen artean EAJ Eusko Alderdi Jeltzalea egon zen. Espainian dieselari zerga jarri nahi izan zaionean ere, EAJ aurka azaldu da. Araban, oraindik jarraitzen dute gasa ustiatu nahian. Adibide asko daude. Europako bagoian baldin bagoaz suposatzen da Europan hartzen diren erabakiak ere hemen aplikatuko direla era batera edo bestera, baina gu ez gara izango gurdiari tira egingo diona. Hori argi eta garbi ikusten da eguneroko politiketan. 

"8.000.000 espezieetatik 1.000.000 desagertzeko arriskuan daude" 

Duela hiru hamarkadako kutsadura mailari eusten dio Euskal Herriak. 
Munduaren mendebalde aberastu horretan gaude, eta horri dagozkion datuak dauzkagu. Bataz besteko CO2 emisioen datua Europakoa baino handiagoa da. Egia da hor dagoela Petronorren findegiaren fenomenoa eta horrek handitu egiten duela batez besteko hori, baina, azkenean, era batera edo bestera, maila horietan gaude.

Aurrerapausorik eman al da?
Bai, adibidez kontsumoa eta produkzioa jaistea eta helburua da pixkanaka jaisten joatea aztarna ekologiko hori maila guztietan. Noski, norbere etxetik hasita, baina kolektiboki ere bai. Bakoitzak bizitzeko zenbat gauza behar ditugun aztertu behar dugu, erosketa bat egiten dugun bakoitzean, ondo pentsatzea erostera goazen hori benetan behar dugun, edo ez.

Plateamendu hori pixkanaka-pixkanaka egiten hasi behar gara, ez bakarrik norbere etxean, baizik eta kolektiboki ere. Erreparatu behar da baita ere  hartzen diren politika publikoen ardatza ondo zuzenduta dagoen naturaren errespetura edo ez, eta, ez badaude horretara behar bezala bideratuta, beste ardatz batzuk jarri beharko dira. Bestela, gaur egunera iritsi arteko bide honek badakigu nora garamatzan.

Gaur-gaurkoz, ordea, ikus dezakegu politika publikoek zein norabidetan jarraitzen duten. Trantsizio ekologikoaren ikur gisa aurkeztu dituzte Euskal Herrian garraioaren arloan egiten ari diren azpiegiturak. Hor daukagu, besteak beste, AHT Abiadura Handiko Trena. Hari horretatik tiraka, Zubietara begira ere jar gaitezke. Klima aldaketaren aurkako borrokaren ardatz moduan jarri dute erraustegia, baina dioxina, furano eta metal astun kutsagarri hainbaten sortzailea da, eta berotegi gasak isurtzen ditu. 
Ingurura begiratu besterik ez dago zer egiten jarraitzen dugun ikusteko. Erraustegiari Ingurumen Zentroa deitzen diote, eta Abiadura Handiko Trena trantsizio ekologikorako abangoardia bezala saltzen digute. Terminoekin jolas asko egin ditzakezu, baina, azken finean, politikak berdinak badira, garbi dago bide bera izango dela.

Egia da gauzak aldatzen ari direla eta aldatzen jarraituko dutela, apustu batzuk eginak daudelako dagoeneko, adibidez, trantsizio digital ekologiko hori martxan jartzeko edo deskarbonizazio prozesu hori eta elektrifikazio prozesu hori martxan jartzeko aldaketa batzuk egiten hasi dira, eta, ziur aski, datozen urteetan gehiago izango dira, baina, lehen esandakoa: eguneroko praktikan ikusten badugu zein proiektu lehenesten diren, alde horretatik etsigarria da.

Egin behar dugun aldaketak azkarragoa behar du izan; gauzak beste modu batera egiten hasi behar da.

Ekofeminismoak ere badu bere garrantzia guzti honetan. Vandana Shiva ekofeministaren gogoeta bat ere bildu duzu liburuan. Esaten du ezin daitekeela planeta babestu emakumeen ekarpenak eta eskubideak onartu gabe.
Ekofeminismoak erakusten digu non egin eta non dagoen naturaren zapalkuntza eta emakumeena; nola dauden oso lotuta zenbait herrialdetan. Eta horietan hain zuzen ere sortu dira erantzun eta teoria ekofeminista potenteenak; Indian, Brasilen, Hego Amerikako herrialdeetan, Berta Caceresen adibidea daukagu, baita ere Vandana Shivarena, eta abar.

Horiek erakusten digutena da lurraldeen zapalkuntza eta emakumearen zapalkuntza askotan batera datozela, azken finean, natura zapaltzen duten politikak eta emakumeak zapaltzen dituztenak, askotan batera datozela. Batak eta besteak elkar hartuz sortzen direla irtenbideak, bai natura errespetatzeko, eta baita emakumea errespetatzeko ere. 

Liburuaren seigarren atalean, COVID-19a iritsi zeneko egoeraz hitz egiten duzu. Bizi dugun krisi ekologiko eta klimatikoak badu erlaziorik koronabirusaren pandemiarekin?
Baso bat suntsitzen badugu, hor dagoen bizitza hori guztia suntsitzeaz gain, hor dauden patogenoak, birusak eta onddoak, besteak beste, zabaldu egiten dira, eta gu, horiekin harremanetan sartzen bagara, arrisku handia daukagu horiek gugana iristeko. Hori gertatu da koronabirusarekin, eta hori bera gertatu zen bere garaian HIES Hartutako Inmuno Eskasiaren Sindromearekin, eta beste hainbat gaitzekin.

Gainera, adituek ohartarazi dute zoonosien kalteak handitzen ari direla azkeneko hamarkadetan, eta animalietatik pertsonetara pasatzen diren birus horien bidea aldatzen ari dela. Garai batean, etxeko animalietatik iristen zitzaizkigun, baina, gaur-gaurkoz, geroz eta gehiago iristen ari zaizkigu basa animalietatik. Horrek esan nahi du gu ari garela naturgune horietara hurbiltzen eta horiek suntsitzen, bertan dauden animaliak gaizki tratatzen eta komertzializatzen eta, azkenean, haiek gordetzen dituzten patogeno horiek, era batera edo bestera, gugana iristen ari dira.

Liburuaren azalari beldurrez eta kezkaz beteta begiratuz amaitu du elkarrizketa kazetariak. Ezin daiteke dena galdutzat eman, baina orain behar dugu hasi aldaketa.