Munduaren klima eta ekologia krisiaz solastu da Iñaki Petxarroman, lasarteoriatarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 09:19

'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' liburua aurkeztearekin batera, mundua jasaten ari den klima eta ekologia krisiaren inguruko datuak eskaini dizkie herritarrei 

Anbulatorio ondoko eraikineko bigarren solairuan dagoen balioanitzeko gelan bildu dira asteazken iluntzean herritarrak, Iñaki Petxarroman Ezezagunerako bidaia liburuaren egilearekin. Bertan egon dira, besteak beste, Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformako zenbait kide ere. Kazetariaren aurkezpena eginez hasi du saioa Martin Anso Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformako kideak, bera arduratu da solasaldia gidatzeaz. 

Klima aldaketaren inguruko datu eta gogoetekin osatu du Petxarromanek Ezezagunerako bidaia kazetaritza liburuan, eta entzuleak liburuan lantzen denaz kokatzeko azalpenarekin hasi du hitzaldia. Lanak ertz asko dituen gai oso zabala lantzen duela azpimarratu du. Zientzia, biologia, fisika eta  itsasoen zein atmosferaren egoera lantzearekin batera, ekonomia, ekologia, goi mailako politika eta nazioa arteko harremanak ere jorratzen ditu; azken arlo horietan egin du azpimarra kazetariak, horiek baitira berarentzat "benetan interesgarriak" .

Gai horiek guztiak irakurleak modu erakargarri batean irakurtzeko hiru ataletan banatu du liburua. Lehenengoan, iraganari begira jarri eta klima eta ekologiaren hurbilketa bat egin du. Horrela, zergatik gauden gauden egoeran, eta gaur egungo egoerara iristeko azken hamarkadetan gertatu denaz hainbat datu eta informazio bildu ditu. Bigarren atalean, berriz, egungo klima eta ekologia krisiaren egoeraren erradiografia orokor bat egin, eta, hirugarren eta azken atalean, etorkizunera begira egoerari nola aurre hartu azaltzen duten hipotesiak planteatu ditu.  Azaldu du baita ere hori guztia lantzen ari zela iritsi zela COVID-19a eta hori ere liburuan uztartzeko beharra ikusi zuela: "Bizitzen ari garen egoeraren ondorio bat da".

Asko izan dira mahaigaineratu dituen gaiak. Kontatu du, adibidez, duela 50 urte baino gehiago, AEBetako zientzialariek iragarri zituztela klima aldaketari buruzko hainbat datu, eta, ordutik hona, neurririk ez hartzearen arrazoiak ere plazaratu ditu; erregai fosilen industriei eta ekonomia kapitalistari erreparatu die azalpen hori emateko.

Beroketa globalaz, itsasoen egoeraz, bioaniztasunaren galeraz, trantsizio ekologikoaz eta beste hainbat eta hainbat gairen inguruko informazio zabal eta landua eskaini die entzuleei; denbora ere motz geratu zaie konturatzerako. Ordu eta erdi pasatxoko hitzaldiarekin agurtu ditu bertaratuko herritarrak.