'NEURE KABUZ'

Iritziak

Gorka Alvarez 2021ko ots. 5a, 07:30

Iritzi bat ematea eskatzen zaio askotan zutabegile bati. Gai baten inguruan, karaktere muga batekin. Iritzia elementu lotesle bezala ikusten da. Zergatik baina? Iritzia, sailkatzeko tresna gisa ere erabiltzen da; bai horrela dela uste dut. 

Beltza edo zuria, busti egin behar zara, zirt edo zart. Adostasunak, sinergiak edota erdibideko puntuak ez daude modan. Bada jendea, grisa gustuko duena, grisetan mugitzen dena eta ez duena zertan baterako edo besterako bidea hartu beharrik. Pertsonalki ulertzea kosta egiten zaidan jarrera bat izanda ere, kasu askotan pertsona hauen gaitasun horretatik asko ikasten dela esan dezaket. Ezin ditut jasan ordea gizarte honetan iritzia ematerako orduan barneratuak ditugun hainbat ohitura.

Gizakia, animalia soziala izaki, elkarbanatzea gustuko du eta ardien gisara aritzen da askotan adibidez militante zaren alderdi politikoaren ildo nagusiak zehazturiko iritzi guztiak berretsiz, nahiz eta zure egunerokoan erabat kontraesankorrak diren ekintzak burutu. Hitzetan sendo, ekintzetan ahul. Neurri handiagoan edo txikiagoan guztiok egiten ditugulakoan nago eta ez naiz soilik politikaz ari; iritzi horiekiko jarreran oinarritzen naiz. Gureak bailiran saltzen ditugu irmo besteen aurrean, ustezko pentsakera horren defentsan, gure ideologia edo sineste baten aitzakian, kasu askotan dimentsio ezezagunetako interesak ezkutatzen dituzten arren. Gure eguneroko errealitateak, urrun kokatzen gaitu sarritan. Horrenbeste babestutako iritzi horri errespetua faltatzen diogu, korronte horren estereotipo eta pentsamolde guztiak geureganatzen saiatzeraino, nahiz eta jakin gure barnean ez dugula bat egiten erabat ikuskera horrekin eta azken finean gure ideia askori traizio egiten ari garen, sekula jakingo ez dugun arrazoiren baten mesedetan; taldean babestua sentiaraztearen truke.

Bigarrena, nire iritzia berezia dela sentitzea. Besteengandik desberdin izatea bai, hori bai modan dagoela. Horretarako muturretara bideratzen dut nire pentsamolde horren oihartzuna, oihartzuna diot, gerora horrek ekar litzakeen albo ondorioak ez baititut kontutan hartzen eta horrekin beste edozeinen ideia edo iritzietatik aldentzen naiz. Nire iritzi oso desberdin bat sortuz, jada erroturik dagoen iritzi korronte baten barruan. Ekologismoarekin gertatzen da hori adibidez. Zinez gure burua oso berdetzat dugun jende asko lanera joaten gara autoz, erosotasun hutsagatik lantokia kilometro gutxi batzuetara izan eta hainbat aukera garbiagoak izanda ere. Gero, hori bai lagun arteko solasaldietan edota asteroko elkarte ekologistako bileretan, bulegorako egur berrerabilgarriz egin dituzun altzarien argazkiak erakutsiko ditugu, izan ere, egurra eta altzariak IKEAn erostea ez da zinez berdea den pertsona baten hautu egokia eta oraindik gutxiago bereizgarri egingo gaituena. Material birtziklatuz egindako belarritakoak erabiltzeak, albokoak darabilen iPhonearen alboan aurrerakoiago edota bereziago sentiarazten gaitu. Ni berdea naiz eta zu aldiz…

Hirugarren jarrera desatsegin bat ere oso barneratua ikusten dut gure artean. Isiltasuna ez errespetatzea, iritzi moduan ez hartzea. Isiltzen dena, beti baztertua uzten da edota guztiari “amen” egiten diola esaten zaio. Askotan isilean dagoen horrek bere argudioak izango ditu pentsatzen duena ez plazaratzeko. Izan foro horren ildo nagusiarekin aurkakotasuna helarazteko beldurra, izan berehalako eta zentzugabeko umiliazio edo gutxiespen ariketa deitoragarri eta dohako bat izanen delako trukean jasoko duena. Beltza ala zuria. Forofismoarekin estuki lotua ikusten dut. Kirol munduan oso zabaldua, politikan ere oso errotua eta gizartean naturaltasunez onartua. Iritziak, gaur egun prezio sozial bat dauka eta adierazpen askatasunaz ahoa betetzen zaigun bitartean, egunerokoan nahi gabe askotan eta beste batzuetan nahita azpiratzen ditugun iritzi, isiltasun eta jarrerei gehiago erreparatu beharko geniekeela uste dut.