Azaroan Donostiako Aquariumean CIMASUB zikloa ospatu zen. Nazioarteko eta Estatuko itsaspeko profesionalek egindako film labur eta dokumentalak ikusi ahal izan ziren bertan. Lan horiek guztiak Lasarte-Oriara iritsiko dira otsailean zehar, Danok Kide elkarteak, Lasarte-Oriako Udalak eta Real Sociedad futbol taldeko itsaspeko sailaren elkarlanari esker. Oso eskertua agertu da Sanchez Carretero, zikloa antolatzen laguntzen duten eragileen lanarengatik.
Hiru saio izango dira, otsailaren 10ean, 17an eta 24an. "Gutxiagotik gehiagora joango gara eta azken egunean sari nagusiak jaso dituzten lanak ikusiko ditugu. Rafa Herreroren lanari buruzko film laburra ere eskainiko da. Estatuko errealizadore eta itsas kamara onenetarikoa da, langile fina eta pertsona itzela".
Horrez gain, Urrezko baranda jaso duten bi lanak ere nabarmendu ditu, "Gillaume Nery apneistaren One breath around the world munduan zeharreko irudi txundigarriak eskaintzen ditu. Un paso de Gigante dokumentalean Maldiva irlen irudi oso politak ikusi ahalko dira, baita animazio batzuk ere. Baina bertan duten arazoa ere aurkezten dute. Berotze globala eta itsas mailaren igoera dela eta Maldiva irlak desagertzeko zorian daude eta ekiditeko hormak egiten ari dira. Daniel Aldayak grabatutako lanean, Laura Madrueño kazetariak bere sentsazioak eta bizipenak kontatzen ditu. Oso interesgarria da. Gainera honetan, Gorka Leclerc kamara donostiarra ere egon da lanean".
Egitarauan aldaketaren bat dago. lehiaketaz kanpoko bi lan ikusi ahalko dira: Itziar Huerta eta Imanol Unanueren Indonesia eta Sanchez Carretero beraren, El Thistlegorn. Sanchez Carreteroren hitzetan, "lizentzia txikiak hartu ditut: Lasarte-Oriako jendeak ere bere lanak aurkeztea ez dago gaizki".
Lehen saioan, Indonesia film laburra ikusiko da. Imanol Unanuek eta Itziar Huertak filmatutako lana da. "Iaz bidali zidaten, baina ezin izan genuen sartu zikloan eta orain egingo dugu. Oso ondo dago eta Donostiako ziklora aurkezteko proposamena egin behar diet. Lehiaketan egon diren eta saria eraman duten hainbat lanen antzekoa da-eta".
Sanchez Carreteroren lana berriz, bigarren saioan ikusi ahalko da. "Ni, lehendakaria izanik, Donostiako zikloan nire lana aurkezteak ez du zentzurik. Hemen aurkeztea ongi iruditu zitzaidan, zeren eta nirekin bidaia horretara joan zen Real Sociedad itsaspeko klubeko jendeak pantaila handian ikusi nahi baitzuen. Nik bideoa grabatu eta muntatu dut. Burgoseko klubeko kide batek egin du gidoia eta lokuzioa", adierazi du.
Kontzientziazioa
Zikloko filmetan gai ugari jorratzen dira, "animaliak, ontzi hondoratuak, dantza ere badugu", baina guztiek itsasoa zaindu behar izanaren mezuarekin bat egiten dutela azpimarratzen du Sanchez Carreterok. "Denek denuntzia ekologikoa egiten dute bere erara eta batzuk gai nagusi bezala dute. Gero eta gehiago ditugu. Lasarte-Orian lehen saioan eskainiko dugun Salvemos los mares del planeta dokumentala, esate baterako, oso ona da. Estetikoki oso polita da, gidoi ona du eta umorea txertatzen dute, baina errealitatea ere erakusten dizu, itsasoan dagoen arazoa".
Urte askotan itsasoan dauden arazoei "entzungor" egin diete film eta dokumentalek eta horri aurre egiteko, CIMASUBek salaketa ekologikoa gaitzat duten filmak saritzen hasi zela azaldu du Sanchez Carreterok. "Edertasuna da nagusi filmetan, baina noizbehinka bazegoen klima aldaketaren eraginari buruzko zerbait edo itsasoan aurki daitekeen zaborrari buruzkoa. Afarietan eta gaia ateratzen zen. Lan ederrak egiten ziren, baina nahiz eta irudiak izan ez zen errealitate hori ere islatzen. Hori egitera animatu nahi izan ditugu. Izan ere urteak egon gara itsu edo beste alde batera begira baita urpekariak ere. Itsaspera jaisten ez denak ez du ikusten eta erakutsi behar da".
Sanchez Carretero berak bizitakoa azaldu digu: "Gu, esate baterak,o murgildu zaitezkeen ontzi-hondakin handienetakoan izan ginen Thistlegornen, Itsaso gorrian. Erraza da urpean igeri egiteko, eta lau urperatzetan egiten da. Gauza ederrak ikusi genituen, baina kutsadura ere bazegoen. Petrolio aztarnak zeuden. Gidak esaten zigun 'gaileta forma duten gauza horiek ez ukitu, ezta gorde ere. Uretarik ateratzerakoan desegin eta gainetik ezin kendu ibiliko zarete'. Urpean ginela ere eztandak entzuten genituen. Petrolio-putzuetako lanak ziren. Horrek guztiak balea edo izurdeei eragiten die. Eta hori eremua babestu dela. Baina betikoa da: babestua dago turismoak eragin handia duelako eremu horretan. Bestela ez litzake babestuko, eta, nahiz eta babestu, petrolio-putzuak dituzte ondoan".
Egun larrialdi klimatikoa eta itsasoan dagoen plastiko kopuruari buruz asko hitz egiten dela aipatu du, baina arazoa duela bost hamarkada pairatzen dela gogoratzen du. "Plastikoaren arazoa 50. edo 60. hamarkadan hasi zen. Erosi den plastikoa birziklatu ez bada, zabortegian ez badago edo erre ez bada, itsasoan dago. %80a izan daitekeela uste da eta bizi iraupen luzea du. Orain Gloria urakanarekin ikusi da, itsaso hondoa mugitu da eta duela 40 urteko gauzak agertu dira. Ikerlariek diotenez, kostatik gertu %20a dago bakarrik, sakonera handiagoetan dago beste guztia. Ez dago hori garbitzeko sistema errentagarririk eta ez da desagertuko. Mikroplastikoan bilakatuko da eta arrainek eta animaliek jango dute. Katea jarraituz, guk ere jango dugu. Eta kontuan izanik arazoa noiz hasi zen, agian guk ere badugu dagoeneko mikroplastikoa gure gorputzetan".
Horregatik guztiagatik, ohiturak aldatu behar direla ohartarazi nahi du CIMASUBek, "atzera bueltarik ez dago-eta." Horretarako, belaunaldi berrietan eragitea ere beharrezkotzat jo zuten, eta haurrei zuzendutako Txikizikloa sortu zen.
"Itsas hondoa eta bere aberastasuna ezagutzera eman nahi genien etxeko txikiei, Jacques Cousteauren esaldi batean oinarrituta: 'Inork ez du maitatzen ezagutzen ez duena'. Zortzi urte dira Txikizikloa egiten duguna Donostian. Lasarte-Orian iaz berreskuratu genuen. Real Sociedad Fundazioaren laguntza dugu honetan", azaldu du Sanchez Carreterok.
Saio dibertigarri eta dibulgatzaile egitea da helburua Sanchez Carreterok azaldu digunez. "Zikloko film labur batzuk eskaintzen dira eta Salvemos los mares del planeta dokumentalaren zatiak. Hitzaldi bat ere eskaintzen dute GAEA elkarteko kideek. Maite Erauskin eta Elsa Cuende dira hizlariak. Azti fundazioan lan egiten dute, ozeanografo eta biologoak dira eta itsasoko kutsaduri buruzko ikerketak egiten dituzte".
Belaunaldi berriek Txikizikloarekiko duten harrerak asko pozten du Sanchez Carretero. "Gozamen bat da, guztia bereganatzen dute. Horretarako gainera material didaktikoa banatzen diegu gaia lantzeko. Lehiaketa antzeko bat egiten genuen lehen birziklatutako materialak erabiliz, bakoitzak nahi zuena egiten zuen eskulanak, marrazkiak, argazkiak… Orain lanketa egina daukate eta saioetan harkor daude. Galdera asko ere egiten dituzte, jakin min handia dute. Eta etxean eragina duela ere aipatu digute gurasoek. Ez erosi madalena horiek edo… beste eskaera ugari ere egiten dituztela adierazi digute".
Hori ikusirik, azaroan Donostian lehenengoz familiei zuzendutako Txikizikloa egin zuen CIMASUBek Aquariumean, eta arrakasta handia izan zuen. "Jende ugari bildu zen eta batzuk kalean geratu behar izan ziren".
Donostia edo Lasarte-Oriaren antzera, zikloa eta Txikizikloa hainbat herrietan eskaintzen da. Orain Real Sociedad fundazioari esker, Txikizikloa ikastetxeetara eramateko saltoa eman nahi dutela aurreratu du Sanchez Carreterok.
Guztientzako filmak
Era honetara, ikusle kopurua handitu du CIMASUBek baina herritar gehiagorengana iritsi nahi du. Hori bideratuko duen filmen eta dokumentalen bilakaera sumatzen ari direla aipatu du Sanchez Carreterok.
"Bilakaera handia ikusten ari gara: dokumentalak baino film labur gehiago ditugu. Dinamikoagoak dira, bideoklip antzekoak, oso biziak eta harrigarriak. Gainera, dokumentalak ez dira klasikoak; erreportajeak dira. Oso ondo dago nire ustez, didaktikoak direlako eta mamia interesgarriagoa delako. Ikusle gehiagorengana iristeko modukoak dira. Lehen ikusle fidelak genituen eta orain itsasoarekin zer ikusirik ez duten pertsonak ere etortzen hasi dira. Horrelako pertsonengana iritsi nahi dugu".
Lasarteoriatar guztiak gonbidatzen ditu beraz, Manuel Lekuonan izango diren saioetara. "Donostira gerturatu diren ezagunak txundituta geratu dira, eta hori berme bat da".