COVID-19

Lasarte-Orian hamalau positibo atzeman dituzte azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 13:16

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, otsaileko bigarren egunean hamalau kasu detektatu dituzte gure herrian, bezperan baino bost gehiago. Hilabeteko aurreneko bi egunetan 23 positibo detektatu dituzte. Intzidentzia tasa metatua 803,56koa da gaur-gaurkoz.

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 45 kasu atzeman dituzte: Lasarte-Orian, aipatu bezala, hamalau; Hernanin eta Urnietan, bederatzina; Andoainen eta Astigarragan, bosna; eta, Usurbilen, hiru. Azken herri hori izan ezik, gainontzeko guztiek eremu gorrian jarraitzen dute, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituztelako azken hamalau egunetan, batez beste.

EAEko hiru lurralde historikoetan atzemandako kasuek 1.000ko langa gainditu dute otsailaren 2an: 1.057 atzeman dituzte, horietatik 333 Gipuzkoan. 16.592 PCR eta antigenoen proba egin dituzte Osakidetzako beharginek; positibotasun tasa %6,4 izan da. 

Osakidetzako ospitaleetan 98 pertsona erietxeratu dituzte koronabirusak jota. Zentro horietan 591 paziente daude ingresatuta, horietatik 155 larri, ZIU unitateetan. Osasun Sailak jakitera eman duenez, azken astean 85 pertsona hil dira koronabirusagatik EAEn.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: RNA bidezko txertoak

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 02 Gizartea