Kaxkamalorekin batera, xomorro asko botako lituzkete herritarrek sutara aurten: koronabirusa eta pandemiak eragindako beste hainbat gaitz, esate baterako. Osasun-egoera nolakoa den aintzat hartuta, ordea, azken urteetan Lasarte-Orian ospatu diren Euskal Inauteriak beste era batera antolatu behar izan ditu Ttakun Kultur Elkarteak, zenbait eragilerekin elkarlanean. Sinbolikoak izango dira aurtengoak, egia da, baina esanahiz beteak ere bai.
Maskara eta txantxo tailerrak, eta bideo-emanaldia, Euskal Inauterietan egiten diren dantzetan ezkutatuta egon daitezkeen mitoak azaleratzeko. Horiek dira larunbat honetako (otsailak 6) egitarauaren hiru ekintzak, hiru ardatzak.
Maskarak egiteko saioaren helburua da 2022ko Euskal Inauterietan luzitzeko moduko karetak egitea –orduko osasun-egoerak ahalbidetzen badu, behintzat–. Etxeko gazteenei zuzendutako ekintza izango da. Indarrean dauden neurriak tarteko, antolatzaileek materiala eramango dute parte-hartzaileentzat; ezingo da elkarbanatu. Horrez gain, norberak etxetik eraman ditzake maskarak apaintzeko tresna gehiago. Ordu bat iraungo du saioak, 10:00etatik 11:00etara.
Euskal Inauterietan protagonista izaten dira txantxoak. Haientzako jantziak egiteko tailerra hasiko da maskarena amaitu eta ordu erdira, 11:30ean, eta 13:00ean amaitu. Parte-hartzaileek lastozko txanoa eta oihalak eraman beharko dituzte.
Mitoak azaleratzen
Euskal Inauterien beste elementu bat, funtsezkoa: dantza. Egoera ikusita, Plaza dantzako entseguak bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Horren ordez, bideo-emanaldi bat antolatu dute, koreografia horien atzean egon daitezkeen mitoen gainean hitz egiteko. Maskaradak azal lezake hobekien inauterien mitoa, eta ezpata-dantzak ere bai. 13:15etik 13:40era jardungo dira.
Egitarauko ekintzetan izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek, idatzi behar dute kultura@ttakun.eus helbidera, edo 695 78 53 89 telefono zenbakira hots egin.
Egitaraua
Ordutegia | Ekintza |
10:00-11:00 | Haurrei zuzendutako maskara tailerra |
11:30-13:00 | Haur eta helduentzako txantxo tailerra |
13:15-13:40 | Bideo-emanaldia: Euskal Inauterietako dantzen atzean ezkutatuta egon daitezkeen mitoak azaleratzen. |
