EUSKAL INAUTERIAK

Gaitz guztietatik salbu da herria

Maitane Aldanondo 2020ko ots. 16a, 12:40

Kolorez, kantaz eta dantzaz betetako arratsaldearen hondarrean, Zubietatik etorritako xomorroekin ituna sinatu eta Kaxkamalo erreta babestu dituzte bizilagunak.

Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako Euskal Inauteriek herriko kaleak kolore, dantza eta kantuekin girotu zituzten larunbat arratsaldean. Zubiaren alde bateko eta besteko txantxoek elkarrekin egin zuten desfilea, iluntzean, su artean amaitu zena.

Lastozko kapelak, zakuak, abarketak, zintak... Zubietako xomorroak euskal inauteriak hasteko prest zeuden hitzartutako orduan. Olaia Rekondo eta Lierni Arozenaren soinu doinuak gero eta gertuago entzuten ziren errepidean eta suziriaren eztandak argi utzi zuen unea heldu zela. Lasarte-Oriara bidea erakutsi zien traktoreak tira egindako karrozaren atzean jarri ziren txantxoak. Dantzan edo oinez, alai, bi herrigunean arekoa osatu zuten. 

Bidean espaloitik zihoazenen arreta bereganatu zuten, edonola, jendetza Hipodromoko zubia igarota zegoen. Han, beste eztanda batek jakinarazi zain zain zeuden dozenaka txantxoei eta herritarrei bertaratzen ari zirela. Batu eta talde zabala osatu zuten. Ttirriki Ttarraka musika eskolako kideek jarri zuten doinua,  Xumelako lagunek, berriz, kantak. Bakoitzak berea egin zuen eta haiekin batera dantzan aritu ziren Plaza dantza egitasmoko, Kukuka antzerki eta dantza eskolako eta Zubietako Lagunak elkarteko xomorroak. Hauetako batzuek, maskuriak eskuetan, txikienen atzetik korrika ibili ziren, nekatu arte lasterkan. Mamoxarroak ere beldurra eragin zien bide ertzean begira zeudenei, makila mugituta zirikatu baitzien. 

Inauterien iragarle 
Hipodromo etorbidetik Kale Nagusian barrea joan ziren, hemen dantza, hemen gelditu, hemen kanta. Arkupe tabernako biribilgunean norabidea aldatu eta Okendo plazara hartu zuen desfileak. Tamalez, buru zen traktoreak arazoren bat izan zuen eta ez atzera ez aurrera gelditu zen, plazara heldu ezinik. Arazoak konponduta, iluntzen hasia zenerako zegokion lekuan zegoen. Plazan, senidetzea egin zuten udal ordezkariek Zubietatik etorritako xomorroekin. Urteroko ituna berrestu zuten. Jaki, edari eta dukatuz betetako kutxa eman zieten uztak, abereak eta lasarteoriatarrak errespetatzearen truke. Azken hilabeteetan izandakoen zigorra, aldiz, Kaxkamalok jasan zuen. Hainbat dantzaren ondoren, xomorro bihurria erraustu zuten. Egindako ahaleginari eskertza gisa, partaideei txokolate goxoa eman zieten. 

Gaitz guztietatik salbu, euskal mozorroak hurrengo urtera arte gorde eta bestelakoei azken ukitua emateko ordua da orain. Astebete barru, denboraren makinan sartuko baitira lasarteoriatarrak.

 

Erlazionatuak