Ikasleen euskarazko trebetasunak eta ohiturak indartzeko, elkarlana

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 2a, 14:40

Lasarte-Oriako ikastetxeetan ikasten duten gaztetxoen euskarazko trebetasunak eta ohiturak indartze aldera, udalak eta Oriartekide, Burunzpe eta Landaberri guraso elkarteetako ordezkariek –Oriarte, Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeen izenean, hurrenez hurren– 2020-2021 ikasturterako hitzarmena sinatu dute. Hiruen artean, 65.426,98 euro jasoko dituzte, iazko kurtsoan baino %1,1 gehiago. Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik akordioaren filosofia nabarmendu du: "Udalak eta hiru guraso-elkarteek batera landu dituzte herriko haur eta gazteen euskalduntasuna indartzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak; ez da diru-emate soil bat". 

Oriartekide guraso-elkarteari 29.745,50 euro emango dizkio udalak. Hitzarmenaren muina da Elemeleka izena duen programa ikastetxeetako sei ikasmailetako talde guztietan aplikatzea. Xede nagusia da gazteen hizkuntza-sozializazioa ahalik eta gehien euskaraz izan dadin laguntzea; 2018ko Nerabeak Euskaraldian ikerketa-ekintzan oinarritzen da. Horrez gain, pertsonaia ezagunen bisitak, Oriarteko bertso-eskola eta euskarazko aldizkarien irakurketa bildu dituzte.

Burunzpe eta Landaberri

Burunzpe guraso-elkarteak eta udalak zortzi programa diruz laguntzea hitzartu dute: Gu ere bertsotan, Hezitzaileek asko egin dezakete egitasmoa, euskarazko aldizkarien irakurketa, Esazu aldizkaria, Euskaraldia, Sasoetako bertso-eskola, gurasoentzako euskarazko eskolak eta jolasgaraiak dinamizatzeko proiektua. Horiek guztiak garatzeko, 12.535,51 euro emango dizkio udalak Burunzperi.

Landaberri guraso-elkarteak 23.145,97 euro jasoko ditu aurten, udalarekin hitzartu dituen zortzi programak gauzatu ahal izateko: Irria eta Irrintzi aldizkariak, Hezitzaileek asko egin dezakete, Gu ere bertsotan, gurasoentzako euskara eskolak, Landaberriko bertso-eskola, pertsonaia ezagunen bisitak eta Euskaraldia.

Otsailaren 2an egin dute sinaketa ekitaldia udalak eta guraso-elkarteetako ordezkariek. Agustin Valdivia alkateak, Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik, Burunzpe elkarteko ordezkari Noemi Gutierrezek eta Landaberriko Ana Aguirrek parte hartu dute.