EDUKI BABESTUA

Euskarazko eta kalitatezko 10.000 produktu baino gehiago eskura, Katalogoarekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 27a, 09:57

Kalean da Euskarazko Produktuen Katalogoa, bere 22garren edizioarekin; eta urtero bezala, euskarazko ehunka produktu gomendatuko dizkie, 0-12 urteko haurrei eta 12-16 urteko gazteei. Interneten, 'katalogoa.eus' atarian, are zabalagoa da eskaintza: 10.000 produktu baino gehiago daude ikusgai, etengabe eguneratuta.

BURUNTZALDEA EUSKARA

Kalean da Euskarazko Produktuen Katalogoa, bere 22garren edizioarekin; eta urtero bezala, euskarazko ehunka produktu gomendatuko dizkie, 0-12 urteko haurrei eta 12-16 urteko gazteei. Interneten, 'katalogoa.eus' atarian, are zabalagoa da eskaintza: 10.000 produktu baino gehiago daude ikusgai, etengabe eguneratuta.

22garren edizioa du aurtengoa, Euskarazko Produktuen Katalogoak; eta dagoeneko kalean da paperekoa: 70.000 ale inguru banatuko dituzte, eskola, liburudenda eta liburutegietan. Eta ohi bezala, bere orrialdeetan topatuko dituzte haur eta gazteek, euskarazko ehunka produktu, aisialdirako. Guztiak kalitatezkoak, izan urtetik urtera interesgarri suertatzen direnak, edota urteko nobedadeak: liburuak, ipuinak, jostailu eta jokoak, musika, aldizkariak, komikiak, filmak, aplikazioak, gurasoentzako materiala...

Izan ere, euskarazko produktu interesgarrienak aukeratzen dituzte urtero, katalogoa osatzeko, arlo ezberdinetan aditu diren hain¬bat lagunek.
Eskaintza hori, baina, askoz ere zabalagoa da interneteko euskarrian, katalogoa.eus atarian. Bertan, euskarazko 10.000 produktu baino gehiago aurkituko dituzte bisitariek, etengabe eguneratutako Katalogoan.

Bi atal ezberdin, Katalogoak
Bai papereko edizioak, eta baita internetekoak ere, bi atal ezberdin dituzte, bi adin tarteri eskainitakoak. Haurrentzako osatu dute horietako bat, 0-12 urte bitartekoentzat; eta gazteentzako produktuak jasotzen ditu besteak, 12-16 urtekoentzat.

Webgunean, nahikoa da talde bakoitzari dagokion atalean sartzea, horiei bereziki zuzendutako milaka produktu ikusteko, oso modu errazean. Guztiak daude atalka antolatuta, eta bilatzailea ere badauka webguneak, gainera. Paperean, berriz, bi alde ditu Katalogoak; eta baita bi portada ere, adin tarte bakoitzeko bat. Horrela, Katalogoa alde batetik hartzen badugu, ikusiko ditugu 0-12 urteko haurrentzako produktuak, eta gurasoentzako materialak; eta buelta emanez gero, 12-16 urtekoei zuzendutako produktu bilduma izango dugu esku artean. Horrela, produktuen bilaketa nabarmen erraztu diete erabiltzaileei, eta nortasun propioa hartzen du adin tarte bakoitzak. Webgunean bezala, atalka antolatuta daude produktuak, papereko edizioan ere.

8.800 ale Buruntzaldean
Katalogoa osatzeko lanetan, parte hartzen dute Euskal Herriko 120 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan banatzen dute papereko edizioa, urtero. 70.000 ale horietatik, zati handi bat iristen da Buruntzaldeko etxeetara. Izan ere, guztira 8.800 ale banatzen dituzte gure eskualdean, ikastetxeen bitartez bereziki.


Zehazki, Euskarazko Produktuen Katalogoaren 2.300 ale banatzen dira Lasarte-Orian, 2.000 Hernanin, 1.600 Andoainen, 1.100 Astigarragan, beste 1.100 Urnietan, eta 700 Usurbilen.

Euskarazko produktu berrienak
Produktu interesgarrienen aukeraketa eskainiko du papereko edizioak, datozen asteotarako ezin aproposagoa, urteko garai honetan aukera paregabea izaten baita, euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko. Baina euskarazko produktuak kontsumitzeko urteko edozein egun denez ona, unean uneko nobedade guztiak ere jartzen ditu bisitarien eskura Katalogoak, urteko edozein garai dela ere, interneteko edizioan. Izan ere, maiztasunez eguneratzen da sareko Katalogoa, argitaletxeek eurek elikatzen baitute: urtean zehar kaleratzen dituzten produktuak, labetik atera berritan gehitzen dituzte Katalogoan; eta deskatalogatu direnak, berriz, kendu egiten dituzte. Hori horrela, etengabe ari da hazten katalogoa.eus.

Gainera, produktu gehiago bildu ez ezik, produktuei buruzko xehetasun gehiago ere jasotzen ditu Katalogoak, interneteko edizioan. Egileei eta argitaletxeari buruzko informazioa aurkitu daiteke bertan, produktuari buruzko azalpena ere bai, noiz argitaratu duten, edota zein adin tarteri zuzendutakoa den, besteak beste. Eta erosketa egiteko ere, lana errazten du: produktu hori non eskuratu dezakegun emango digu aditzera, eta baita prezioa ere.

Produktuen aniztasuna eta Katalogoak eskaintzen duen aukera ezin zabalagoa da. Haurren atalean, esaterako, 3.300 liburu eta ipuin baino gehiago aurkitu ditzakegu, 250 jostailu eta joko inguru, 140 disko, 120 pelikula, 80 komiki, 100 informatika produktu eta aplikazio, 60 aldizkari, gurasoentzako 45 produktu, 370 ikasmaterial, eta 120 liburu elektroniko. 

Doako harpidetzaren bitartez, hilero jaso daiteke Katalogoa. Maiztasunez eguneratzen da Katalogoaren interneteko edizioa  (katalogoa.eus)

Gazteentzat ere, oso zabala da Euskarazko Produktuen Katalogoaren aukera: 1.550 liburu daude, 30 jostailu eta joko, 1.290 disko, 96 komiki, 71 pelikula, 30 produktu informatiko eta aplikazio, 60 aldizkari, 156 ikasmaterial, eta 210 liburu elektroniko.

Haurren atalean zein gazteenean, produktuak ordenatu daitezke atal bakoitzean, izenburuaren, egilearen, argitaletxearen eta argitaratzen urtearen arabera. Eta bilatzailearen bitartez ere, modu errazean aurkitu daitezke produktuak. Euskarazko Produktuen Katalogoa esku artean izan ez duenak, gainera, interneten bertan deskargatu dezake, PDF formatuan, adituek egindako aukeraketa ikusteko.

Buletinera harpidetzeko aukera
Webgunean bertan, nobedadeei eskainitako atala ere badauka Katalogoak, gehitu diren azkeneko produktuak aditzera ematen dituena. Baina horrez gain, nobedadeen berri emateko beste zerbitzu bat ere eskaintzen du Katalogoak: buletinera harpidetza. Doakoa da, eta katalogoa.eus webgunean bertan dago txoko bat, harpidetza egiteko. Horretarako, nahikoa da izena eta helbide elektronikoa ematea; eta hortik aurrera, hilero jasoko dugu buletina gure posta elektronikoan, hilabeteko nobedadeetako batzuen berri emanez. Webgunea eta buletina ez ezik, beste bide bat ere badauka Euskarazko Produktuen Katalogoak, nobedadeen berri eman eta produktuak gomendatzeko: Facebooken daukate orrialdea, Euskarazko Produktuen Katalogoa izena duena; eta bertan argitaratzen dute, Katalogoarekin lotutako edozein albiste. Gai edo egun jakin batzuekin lotura duten produktuak ere ematen dituzte aditzera, unean-unean. 

«Irakurzale diren haur eta gazteei, gustatzen zaie liburutegira etorri, apal artean ibili eta aukeratzea»

Oso tresna erabilgarria da Euskarazko Produktuen Katalogoa, liburutegietan ere, eta aurtengoa ere, badaukate dagoeneko. Liburutegiko eskaintza eguneratzeko garaian, Katalogora jotzen dute liburuzainek; eta zer irakurri ez dakiten haur eta gazteei, Katalogoa ematen diete, «gomendio edo pista modura». Hala azaldu dute, Hernaniko Udal Liburutegiko arduradunek.

Haurretan, adinaren araberakoa da, zer irakurri aukeratzea: «5-6 urte arte, gurasoak saiatzen dira haurrei zaletasuna sortzen. Baina 7 urtetik aurrera, haurrek beraiek aukeratu nahi izaten dute, zer irakurri. Bildumak eskatzen dituzte askok, eta abentura edo umorezkoak badira, hobe». Nerabeek, berriz, irakurzale badira, ez diete «askorik galdetzen» liburu-zainei: «nahiago izaten dute beraien kaxa ibili, apalen artean». Aldiz, irakurtzeko hainbesteko ohitura ez dutenak, «gurasoekin etortzen dira, edo gurasoak beraiek datoz seme-alabentzako liburu bila. Eta horiek bai, laguntza eskatzen digute. Komikiak erakusten dizkiegu, eta baita nerabezaroko eguneroko gaiak jorratzen dituzten liburuak ere».

Haurrak izaten dira, euskaraz gehien irakurtzen dutenak; gazteek, gaztelaniaz gehiago. «Haur literaturan, eskaintza ederra da, zabala. Askotariko gaiak dituzte. Gainera, euskaraz irakurtzera daude ohituta, eta normalean, ez dute gaztelaniaz nahi izaten. Gazteentzat, aukera ez da hain zabala, eta euskaraz dauzkatenak, gainera, ikastetxean eskatzen diete irakurtzeko. Horietatik kanpo, aukera dezente gehiago dute gaztelaniaz».

Liburu bildumek eta komikiek, arrakasta
Arrakasta gehien duten liburuak ere eman dituzte aditzera, liburuzainek. «Bildumak dira irakurrienak: Futboleroak, Txano eta Oscar, Geronimo Stilton, YouTuberren liburuak (Martina, Clodet...), Rita, Junie Jones, Eta zer?, Onin... Gazteen artean, berriz, Blue Jeans, You, Los gatos guerreros...». Oso irakurzale ez direnei, komikiak gomendatzen dizkiete beraiek: «Superpatata, adibidez, arrakasta handia ari da izaten». Asko mailegatzen diren bildumak ere erakusten dizkiete, «batzuentzat ez direlako hain ezagunak». Eta baita Galtzagorrik gomendatzen dituenak ere: «askotan, bildumetatik kanpokoak izaten dira horiek, ez oso ezagunak, eta merezi du guk ezagutzera emateak».
Liburu mota bat edo beste, irakurzaleek gustuko dute liburutegira joan, apal artean ibili, eta beraien aukeraketa egitea. «Hori ez da askorik aldatu». Eta ezta euskarria ere: «ez dugu uste, asko direnik liburu elektronikoa aukeratzen duten gazteak. Irakasleek ere gauza bera esan izan digute, haiekin komentatu dugunean. Irakurtzekotan, nahiago dute paperean irakurri», nabarmendu dute.