2022ko Martxoaren 8a iragartzeko kartelaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2021eko otsailaren 2a

Amaia Mazkiaran herritarrak egindako kartelak iragarriko du 2021eko Martxoaren 8a.

Lasarte-Oriako Udalak iragarri du ireki duela epea 2022ko Martxoaren 8rako kartelen proposamenak aurkezteko; lanak bidaltzeko azken eguna otsailaren 26a izango da, ostirala. Afixa irabazlea erabiliko du egun horren bueltan egingo diren ekintzak iragartzeko.

Kartel-lehiaketan parte hartu ahalko dute 12 eta 17 urte bitarteko herritarrek. "Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina proposamen aurkez ditzake", jakinarazi du udalak. Hori bai, lan guztiek honako lelo hau erabili beharko dute: Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres. 

Afixa lantzeko teknika "erabat librea" dela zehaztu du udalak: "Formatu fisikoan edo digitalean aurkeztu ahalko dira lanak; egileek titulua jarri beharko diete". Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan jarriko dira ikusgai, martxoaren 1etik 9ra, bi egunak barne.

Lehiaketara aurkezteko kontuan hartu beharreko guztia

Irabazlea aukeratu

Epaimahai bat arduratuko da afixa irabazlea aukeratzeaz. Batzordea osatuko dute Lasarte-Oriako Udaleko berdintasun teknikariak, Gizarte Zerbitzuen batzordeko zuzendariak eta "gaian adituak" direnek. Haien erabakia "apelaezina" izango da.

Lehen saria nork irabazten duen, epaimahai horrek aukeratuko du. Bigarren eta hirugarren sariak ematerakoan, aldiz, lasarteoriatarren iritzia kontuan hartuko duela aditzera eman du udalak: emakumeen zentroan lan guztiak ikusgai jartzean, herritarrek euren iritziz onenak direnak aukeratu ahal izango dituzte. 

Irabazleak 120 euroko saria jasoko du, 90ekoa bigarrenak eta 60koa hirugarrenak. Amaia Mazkiaran gazteak irabazi zuen lehiaketa iaz; hark egindako lanak iragarriko du aurtengo Martxoaren 8a.

Erlazionatuak