Urteko lehen 'Azken ostirala' egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urtarrilaren 29a

Hilabetero bezala, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioa egin dute ostiral iluntzean Euskal Presoen Elkartasun Sareak deituta. 

60 bat herritar irten ziren ostiral arratsaldean euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. San Pedro eliza aurrealdean elkarretaratzea egin zuten ordu laurden inguruz, eta, ondoren, Kale Nagusitik barrena Tajamarreko biribilguneraino joan eta, handik, Okendora jaitsi ziren Geltoki kaletik behera.

Plazan, biribila osatu eta hitza hartu zuen pankarta atzean joandako gazteetako batek. Herriko presoen egoeraren berri eman zuen. Jabi Gallaga Zaragozara lekualdatuko zutela jakinarazi zuten iazko urte amaieran, baina COVID-19a tarteko, ez dute erabakia oraindik gauzatu eta Kordobako espetxean daukate bigarren graduan. Pandemiak ere eragin die Lannemezango espetxean dauden Aitzol Iriondo eta Ibon Fernandez Iradi presoei. Bisita bakarra jaso dezakete eta hilabete batzuk dira haurrak ezin izan dituztela sartu.

"Kartzelan sartu nahi dituzten gazteak" ere izan zituzten gogoan. Horretarako Ernaiko kide batek hartu zuen hitza. Lehenik "besakada" bana bidali zieten hamaika urteko espetxe zigorra jaso dezaketen Aitor Zelaia eta Galder Barbadori. "Ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketarik, gazteria zigortzea eta beldurtzea baita helburua". Belaunaldiz belaunaldi, hainbat eta hainbat gaztek, "beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena" ere gogora ekarri zuen eta bere konpromisoa adierazi "haria eten ez dadin". Halaber, salatu egin zuen lasarteoriatar gazte bezala jasaten ari diren "errepresioa". "Denok ikusi dugu Donostia aldean zer gertatu den eta honen aurrean esan nahi dugu zutik eta tinko jarraituko dugula".

 

Erlazionatuak

Espetxeetako egoera "larriagotu" duen urtea

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 29 Politika