Espetxeetako egoera "larriagotu" duen urtea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 22:10

Abenduko 'Azken ostirala' ezohikoa izan zen, batetik ostegunean burutu zutelako, Urte Zahar egunean; eta bestetik,  abagunea baliatu zutelako ekintza berezia egiteko. Orduan egindako hitzartzean 2020ak emandakoari errepasoa egin zioten, pandemiak izandako eragina eta gatazkaren inguruan egindako pausoak gogoratuta. 

Joandako urtea "itxialdiek baldintzatutakoa" izan da. COVID-19aren eragindako salbuespen egoerak ekarritako mugimendu eta harreman sozialetarako mugak nolabait gerturatu die herritarrei kartzelan daudenek modu "are gordinagoan" bizi dituztenak.

Hala ere, arrazoi berak ere kolpatu ditu presoak, espetxeetako bisitak hilabetetan debekatu ondoren, berriz baimentzena murrizketekin izan baita. Frantzian, Lannemezanen, Aitzol Iriondok eta Ibon Fernandez Iradik astean bisita bakarra jaso dezakete, pertsona bakarrarekin eta haurrek sartzea debekatuta dute. Espainian, berriz, familia vis a vis gabe jarraitzen dute, Jabi Gallaga herrikidea, kasu. Harremanetarako mugez harago, osasun arazoak artatzeko zailtasunak ere salatu zituzten, larriki gaixo dagoen Fernandez Iradik COVID-19a 18 egunez isolamenduan eta hotzez pasatu behar izan zuela gogoratuta.

Aipatutako eraginez gain, pandemiak, halaber, herri mugimenduaren antolakuntzan ere sortu ditu arazoak, kale presentziaz eta lanketa politikoez gain, diru iturri bat ere kendu baitie. 

Pandemiak lehendik zegoena "areagotu", "gordindu", besterik ez du egin; eta egunerkoak "ezkutatzen" zituen gizarte arazoak azaleratu ditu; presoen kasuan, "Euskal Herriaren askapen borroka" gatazkaren oinarrian dagoela eta zapalkuntza eztabaidaren zentroan jarri behar dela ohartarazi zuten. Zentzu horretan, saharar herriari elkartasuna adierazi zioten. 

Amaitzeko, gatazka armatuari dagokionez estatuak emandako pausuak ere nabarmendu zituzten. Frantzian gizonezko kartzeletan zeudenak Lannemezan eta Mont de Marsanera gerturatzeko urratsak egin dituzte, ez ordea, emakumezkoenetan daudenak; eta Xiker Haranburu libre utzi zuten 30 urte eta erdi kartzelan igaro ondoren, baina ez berarekin batera atxilotutako Jakes Esnal eta Jon Kepa Parot. Espainian, berriz, gerturatzeak azkartu zituzten, nahiz eta gehienak ez Euskal Herriratu.

"Pauso horiek beharrezko ikusten ditugu, noski, gatazka armatuaren konponbiderik egon ez den honetan, gutxienez aurrerapauso batzuk emateko eta urgentzia batzuei erantzuteko", hala nola, larriki gaixo dauden presoak ateratzea, 20-30 urtez barruan dauzkatenak askatzea edo Frantzian betetako urteak Espainiako kondenetan kontatzea. "Minimoez ari gara". Helburua "euskal presoak Euskal Herrian eta aske" izatea baita, "Euskal Herri aske batean bizi nahi dugulako". Eta horretan jarraituko dute borrokan.