Norbanako edo familia unitate bakoitza bere burbuilan sartuta dago: nire lana, nire denbora, nire aisia, nire umeak… Dena gure eremutik, norbanako edo familia unitate gisa, kudeatzen dugu, eta, ez gaude ohituta gauzak partekatzera, ez bizipenak, ez materiala, ezta arazoak ere.
Oraingo izurrite honek agerian utzi ditu, ordea, sistema honen trapu zahar guztiak, hasiera-hasieratik, gainera. Supermerkatura arrapaladan joan ziren horiei bukatu ote zaie komuneko papera?
"Oraingo izurrite honek agerian utzi ditu, ordea, sistema honen trapu zahar guztiak, hasiera-hasieratik, gainera"
2021ak itxaropena ekarriko zuela zioten, eta, etorri, etorri da txertoaren eskutik. Baina hor indibidualismoaren beste orban bat, itzela, izatez: tokatu ez, eta txertoa jarri duten horiek. Autoritate izanda, eredu izan behar, eta justu kontrakoa egin. Hau da, hau, marka. Eta, bide batez, goraintziak zurrunbiloaren erdian Andorrara joan diren horiei ere.
Ez gara ohartzen, ordea, nire negozioa ixtea ez dela bakarrik nire arazoa; ezta semea edo alaba norekin utzi ez edukitzea bere gelako batek positibo eman duelako. Gaixo bagaude ere sendatuko gaituztenak ez dira mediku edo erizain heroi horiek soilik izango. Arazo horiek denonak dira, eta kolektiboki erantzun behar diegu, negozioari eusteko irtenbideak eskatuz, kontziliatzeko aukerak galdeginez, osasun sistema sendo bat exijituz eta beharra dagoenean, baita musukoa jarriz edota etxean geratuz.