Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 45 kasu atzeman dituzte asteartean: Lasarte-Orian, hamabost; Andoainen, hamalau; Hernanin, zazpi; Urnietan, sei; eta, Astigarragan, hiru. Usurbilen ez dute positibo bakar bat ere detektatu egun horretan. Eremu gorrian egoten jarraitzen dute Andoainek, Hernanik, Lasarte-Oriak eta Urnietak; Astigarraga eta Usurbil, aldiz, eremu horian daude oraingoz.
EAEko hiru lurraldeetan 1.104 positibo detektatu dituzte urtarrilaren 26an, horietatik 297 Gipuzkoan. Kutsatzeak atzemate aldera, 15.837 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; ehunetik zazpi izan dira positiboak. Koronabirusagatik 89 pertsona erietxeratu dituzte asteartean, eta, gaur-gaurkoz, Osakidetzako ospitaleetan 560 paziente oheratuta daude SARS-CoV-2 birusak jota, horietatik 134 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan.