COVID-19

Astelehenean 11 kasu atzeman dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 26a, 12:50

Loidibarren pilotalekuan egiten dizkiete lasarteoriatarrei PCR eta antigenoen probak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, igandean baino positibo gehiago atzeman dituzte astelehenean herrian: 11 guztira. 2021. urtea hasi denetik 157 kutsatze erregistratu dituzte Lasarte-Orian; oraingoz, abendu osoan baino 55 gehiago.

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 40 kasu atzeman dituzte urtarrilaren 25ean: Hernanin, hamahiru; Lasarte-Orian, 11; Andoainen, hamar; eta, Urnietan, sei. Astigarragan eta Usurbilen ez dute kutsatze bakar bat ere detektatu egun horretan. Eremu horian segitzen dute bi herri horiek; gainontzeko lauek, berriz, gorrian. Horrek esan nahi du tabernak eta jatetxeak zarratuta daudela, eta taldean ezin dela kirola egin, Eskola Kirolaren gisako jarduerak kasu. Lasarte-Orian gaur sartu dira indarrean azken bi neurri horiek.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.101 kasu detektatu dituzte, horietatik 331 Gipuzkoan. Positiboak atzemateko egin dituzten PCR eta antigenoen proben %8 izan dira positiboak –13.715 egin dituzte orotara–. 86 pertsona erietxeratu dituzte koronabirusagatik astelehenean; guztira 548 pertsona ingresatuta daude Osakidetzaren zentroetan, horietatik 125 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: mutazioak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021 urt 26 Gizartea