COVID-19

Hamabi positibo detektatu dituzte Lasarte-Orian asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 12:57

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, urtarrilaren 20an hamabi positibo atzeman dira Lasarte-Orian. Kasu kopuruak nabarmen egin du gora azken bi egunetan, 25 kutsatze detektatu baitira gure herrian.

Urtarrileko Lasarte-Oriako kutsatzeen kurbak sekulako jauzia eman du bi egunetan. 2021a hasi zenetik 97 positibo atzeman dituzte gure herrian, eta, horrela jarraituz gero, laster gaindituko dira abendu osoko kasuak –102 izan ziren–. 

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 39 kasu atzeman dituzte asteazkenean: Lasarte-Orian eta Andoainen, hamabina; Hernanin, bederatzi; Astigarragan, hiru; Urnietan, bi; eta, Usurbilen, bat. Bigarren grafikoan ikus daitekeenez, intzidentzia tasak igotzen ari dira, eta, oraingoz, eremu gorrian Andoain soilik badago ere, positibo-atzemate erritmo honekin segiz gero, laster sartuko lirateke Urnieta, Hernani eta Lasarte-Oria, 500eko mugatik gero eta gertuago baitaude.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.115 kutsatze detektatu dituzte urtarrilaren 20an: 176 Araban, 622 Bizkaian eta 299 Gipuzkoan. Positiboak atzemate aldera, 13.664 PCR eta antigenoen proba egin dituzte Osakidetzako beharginek asteazkenean: positibotasun tasa %8,2koa izan da. Baliabide asistentzialen okupazioari dagokionez, Osasun Sailak ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden pazienteen datuak besterik ez ditu eman: 101 pertsona, bezperan baino lau gehiago.

LABIren bilera ostiralean

Lakuak iragarri duenez, LABI aholku batzordea bihar bilduko da, koronabirusaren hedapena aztertu eta gaur-gaurkoz indarrean dauden neurriekin zer egin erabakitzeko. Iñigo Urkullu lehendakaria Espainiar estatuko gainontzeko erkidegoetako ordezkariekin elkartu zen atzo, eta honako proposamen hau eraman zuen:

  • EAEko udalerri guztiak perimetralki ixtea
  • Etxeratzeko agindua 20:00etara aurreratzea
  • Komertzio, taberna eta jatetxetak 19:00etan ixtea
  • Eremu publiko zein pribatutako bilerak lau pertsonakoak izatea asko jota, bizikidetza-unitate berekoak direnen kasuan izan ezik

Espainiako Gobernuak, oraingoz behintzat, adierazi du ez duela aurreikusten etxeratzeko agindua aurreratzeko aukera baimentzea (22:00etan ezar daiteke, goizenez), baina EAEk eta beste erkidego batzuek egindako proposamenak "aztertu" egingo duela adierazi du.