COVID-19

Hamahiru positibo atzeman dituzte Lasarte-Orian asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 13:32

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Orian hamahiru kutsatze atzeman dituzte urtarrilaren 19an, asteartearekin. Abenduaren 1etik hona erregistratu den kopuru altuena izan da –orduko horretan ere hamahiru positibo detektatu ziren–. 

2021. urtea hasi zenetik 85 kasu erregistratu dituzte Lasarte-Orian. Urtarrileko lehen eguneko atzemateak apalak izan diren, baina hilabeteak aurrera egin ahala gero eta kasu gehiago detektatzen ari dira gure herrian. Erritmo honetan jarraituz gero, aise gaindituko dira abendu osoko 102 kasuak.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 39 kasu atzeman dituzte asteartean: Lasarte-Orian, aipatu bezala, hamahiru; Hernanin, hamabi; Andoainen, zazpi; Urnietan, sei; eta, Usurbilen, bat. Astigarragan ez dute kutsatzerik detektatu egun horretan. Herri horietako gehienen intzidentzia tasek igotzen jarraitzen dute, Urnieta eta Hernanikoek batez ere.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.046 kasu atzeman dituzte: 110 Araban, 616 Bizkaian eta 298 Gipuzkoan. Kutsatzeak atzemate aldera, 13.774 PCR eta antigenoen proba egin dituzte Osakidetzako langileek; horien positibotasun tasa %7,6koa izan da.

Koronabirusaren goraldia ospitaleetan ere sumatzen ari da. Osakidetzaren zentroetan 465 paziente daude erietxeratuta, horietatik 97 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan.