GURASOS

Larunbateko giza-katean parte hartzeko deia herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 22a, 08:30

Osasuna, ingurumena, justizia lelopean, GuraSOS elkarteak giza-katea antolatu du larunbat honetarako, urtarrilak 23, Donostian, 12:00etan. Osasun-egoera tarteko, antolatzaileek beste era batera antolatu dute mobilizazioa: lau zutabetan banatuko dituzte eskualde desberdinetako biztanleak. Lasarteoriatarrek, esate baterako, laugarrenera joan beharko dute, Beterri-Buruntzako gainontzeko herritarrekin batera, Urumea ibaitik epaitegietara. Ekimenean parte hartzeko deia luzatu du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak.

LABI aholku batzordeak ostiralean bilera egingo duela-eta, ekimenaren antolatzaileek esan dute, "batzorde horrek EAEko udalerri guztiak perimetralki ixtea erabakita ere, horrek ez diola eragiten herritarrek duten manifestazio eskubideari". Azaldu dutenez, salbuespen eta setio egoeretan (Espainiar Konstituzioaren 21 eta 55.1 artikuluetan) bertan behera utz daiteke eskubide hori, baina ez "gaur egun indarrean dagoen alarma egoeran". Hori dela-eta, larunbatean udalerrien mugetan egongo diren ertzainei ekitaldia "ez oztopatzeko" eskatu diete: "Ertzaintzaren Zuzendaritzari ofizialki eskatu diogu hori". 

GuraSOSek baimen-agiri bat prestatu du larunbatean Donostiara joan ahal izateko

Antolatzaileek parte-hartzaileei eskatu diete osasun neurriak "zorrotz" betetzeko.

Sutea eta ikerketa

Protesta ekintza horren atzean dago, besteak beste, Zubietako erraustegian iragan astean piztu zen sutea, "ustekabekoa izan ez zena", plataformaren aburuz. "Erraustegiaren hobiaren funtzionamendu okerrak eragiten ditu, metanoa pilatzen ari baita". Bestalde, GuraSOSek jakinarazi du azpiegitura hori ikertzen hasiko dela Gipuzkoako Fiskaltza.

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa partzuergoak ohar bat kaleratu, eta adierazi zuen GuraSOSek egindako "eraso eta salaketek" ez dutela "inolako oinarririk. Esan zuenez, aztertzen ari da elkarte hori auzitara eramatea. Suteari dagokionez, "inolako kalterik" sortu ez zela azpimarratu zuen.