Fiskaltzak Zubietako erraustegia ikertuko duela iragarri du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 14a, 13:15
GuraSOSek prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, Donostian. Arg.: Noaua aldizkaria

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia modu arduragabean kudeatzen duela salatu du plataformak. Astearteko sutea hondakinen hobiaren funtzionamendu okerrarengatik sortu zela ere argitu dute. Prentsaurrekoari erantzunez, GHKk GuraSOS auzitara eramatea aztertzen ari dela jakitera eman du

Gipuzkoako Fiskaltzak Zubietako erraustegiaren funtzionamenduaren ikerketa hasiko du. GuraSOS plataformak atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eskainitako prentsaurrekoan jakitera eman du berria. Plataformak aurkeztutako salaketa aintzat hartuta, Fiskaltzak deliturik dagoen aztertu eta erantzukizunak argituko ditu.

Era berean, astearteko sutea  azken hilabeteetan izan den hirugarrena dela argitara eman du plataformak. Horregatik, instalazioen “ilegaltasun egoera” ikertzen duten bitartean plantaren jarduera etetea eskatu dio GuraSOSek Fiskaltzari.

Plataformak jakitera eman zuenez,  suteak “ez dira ustekabeko istripuak” eta hondakinen hobiaren funtzionamendu okerrari egozten zaie. Metanoa sortzen ari da eta horrek sortzen ditu suteak.

Planta martxan jarri zenetik izandako arazoak ere gogora ekarri ditu plataformak eta horiek kontsortzioaren kudeaketa arduragabearen ondorio direla azpimarratu dute. “Era arduragabean, ezkutuan eta ingurumenari zein segurtasunarenari erdeinu eginez  ari dira zuzentzen”.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkaritzak "ziurtagiri eta txosten kopuru aipagarria" helarazi beharko diola adierazi du GuraSOSek Fiskaltzari. Tartean, instalakuntza elektrikoa martxan jartzeko bere funtzionamendu legala gaitzen duen akta. GuraSOSek eskuartean duen dokumentazioagatik ez luke izango eta erraustu eta balioztatze plantak ”ilegalki" funtzionatzen egon daitezke.

GHKk gezurtatu

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak arratsaldean bertan erantzun eman zion Gura SOSi. Plataformak egindako “eraso eta salaketek” oinarririk ez dutela eta plataforma auzitara eramatea aztertzen ari direla adierazi zuten.

GHKk “prozedura guztiak bete” eta “erabateko gardentasunez” jokatu dutela nabarmendu du.

Era berean, plataformak auzitegietan jarritako salaketa eta helegite guztiak aintzat hartu ez direla gogoratu du.

Suteari dagokionez, GHKk enpresako langile eta suhiltzaileek berehala kontrolatu zutela jakitera eman du, baita larrialdietako protokolo guztiak martxan jarri zirela ere. Kalterik sortu ez zela ere azpimarratzen du.

Erlazionatuak

Zubietako erraustegiko sutea, "kontrolpean"

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 12 Gizartea