Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan 32 kasu atzeman dituzte astelehenean: horietatik erdiak baino gehiago, hemeretzi, Hernanin; Lasarte-Orian, zazpi; Urnietan, lau; eta, Andoainen, bi. Astigarragan eta Usurbilen ez dute kutsatze bakar bat ere detektatu urtarrilaren 18an. Eremu laranjan segitzen dute sei herri horietatik bostek, batzuen tasak 500era hurbiltzen ari badira ere. Lasarte-Oriakoa 346,55ekoa da gaur-gaurkoz.
EAEn 894 kasu atzeman dituzte astelehenean: Araban 132, Bizkaian 530 eta Gipuzkoan 227 (azken probintzia horretako intzidentzia tasa metatua 385,03koa da). Kutsatze berriak detektatze aldera, Osakidetzako beharginek 10.755 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positiboak izan dira ehunetik zortzi pasatxo (%8,3).
Osakidetzaren zentroetan gero eta pertsona gehiago daude ospitaleratuta: astelehenean, 448 (duela astebeteko datuekin alderatuta, 103 gehiago). Horietatik 96 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan ingresatuta daude, bezperan baino bi paziente gutxiago, baina duela astebete baino 21 gehiago.