Solaskide programak martxan du bigarren izen emate epea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 17:21

Euskara erabili eta euskaraz bizi nahi duten lasarteoriatarrek parte hartu dezakete Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalarekin eta herriko euskaltegiekin elkarlanean antolatzen duen programan

2020-2021 ikasturte berria hastearekin batera jarri ziren martxan solaskide edo mintzalagun saioak 21 herri eta eskualdeetan, horien artean Lasarte-Oriako Solaskide ere bai. Urte berrian sartzearekin batera, programako parte-hartzaileen komunitatearen sareak ehuntzen jarraitzeko bigarren izen-emate epea ireki dute. 

Euskaraz bizi eta hizkuntza erabiltzeko aukera "paregabea" eskaintzen dute Solaskide bezalako programek, hala adierazi dute antolatzaileek. Lasarte-Oriako programa Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalak, Udal Euskaltegiak eta Muntteri AEK-k elkarlanean antolatzen dute. 

Astearte goizean aurkeztu dute Lasarte-Oriako programa Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek eta Jon Antxordoki Euskara batzordeburuak. Antonio Mercero aretoaren atzeko parkean elkartu dira, eta dei egin diete lasarteoriatarrei programan parte hartzera animatu daitezen. Azpimarratu dute Solaskide programa aukera ederra dela herritarrek "modu informalean" euskara ikasi eta praktikatzeko: "Badakigu bizi ditugun garai hauetan zail xamarra izan litekeela, baina talde txikietan elkartuta egitea posible da". 

Astero, ordubete

Astero-astero, solaskideak ordubeteko mintzapraktikak egiteko elkartzen dira. Talde bakoitzak erabakitzen du zein testuingurutan egin solasaldi horiek. Batzuek herrian barrena paseo bat emanaz hitz egiten dute euskaraz eta beste batzuk, berriz, kafetxo baten bueltan elkartzen dira mintzapraktika egiteko. Eta, urtean zehar, ekintza osagarriren bat edo beste ere egiten dute, programan parte hartzen ari diren gainerako solaskideak ezagutzeko. 

Izen ematea

Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna eskuratu nahi duen herritar orok eman dezake izena Solaskide programan. Horiek, euskaraz hitz egiteko ohitura duten herritarren laguntzaz egingo dituzte solasaldi saioak. 

Hortaz, izena eman nahi duten lasarteoriatarrek bi bide dituzte horretarako. Lehena, kultura@ttakun.eus helbidera mezu bat bidalita eta, bigarrenik, 695 785 389 telefono zenbakira idatzita. 

Antolatzaileek animatu nahi dituzte herritarrak Solaskide programan parte hartzera. Bidelagunei (euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak) ere deia luzatu die Ttakun KEk, programan parte hartzera animatu daitezen.

Erlazionatuak