COVID-19

Bederatzi positibo detektatu dituzte Lasarte-Orian asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 12:54

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 12ko datu epidemiologikoen berri eman du. Lasarte-Orian bederatzi kasu atzeman dituzte egun horretan; aspaldi honetako kopururik altuena da (abenduaren 10ean detektatu ziren azkenekoz horrenbeste positibo). 2021a hasi zenetik 38 kutsatze erregistratu dituzte gure herrian.

Eskualdeko herrietan atzemandako kasuen kopurua igo egin da urtarrilaren 12an, bezperakoekin alderatuta. Guztira, 30 positibo detektatu dituzte asteartean: Andoainen hamar kasu atzeman dituzte; Lasarte-Orian, bederatzi; Hernanin, lau; Usurbilen, hiru; eta Astigarragan eta Urnietan, bina. Igoerak eragin du herri ia guztietako intzidentzia tasak igo izana, Hernanikoa izan ezik (berdin mantendu da).

EAEko hiru probintzietan 735 kasu detektatu dituzte asteartean (bezperan 817 izan ziren), horietatik 237 Gipuzkoan. Positiboak hautemateko egin diren PCR eta antigenoen proba guztietatik, %5 izan dira positiboak. Gogoratu, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, positibotasun tasak %5ekoa edo baxuagoa izan behar duela pandemia "kontrolpean" dagoela esan ahal izateko.

LABI aholku batzordeak astelehenean adostutako neurriak gaur sartu dira indarrean. Besteak beste, lasarteoriatarrek ezingo dute Gipuzkoatik atera, salbuespenezko jarduerak egiteko ez bada. 150 metro koadro edo gehiagoko saltokien edukiera maximoa %40ra murriztu dute, eta, oraingoz, taberna eta jatetxeen ordutegiak ez dituzte murriztu. Intzidentzia tasa 500ekoa edo altuagoa duten herriei ezarritako neurriak zorroztu egin ditu Lakuak; itxiera perimetrala udalerri mailakoa izango da kasu horietan.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: anosmia

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 12 Gizartea