2020

Gorka Alvarez 2020ko abe. 31a, 07:45

Hona irakurle, urtearen laburpen arin, zoro eta sinplista. Umiltasunaren erretratu elitista. Errima traketsen kontzertu egozentrista. Nire interes batzuekin osaturiko zutabe anitza.

ILBELTZA. Urte berri on! Sebastian… Txooootx! Azkenak denbora luzean. Entzun al duzue… Wuhanetik dator notizia, birus bat heldu dela genioz bizia.

ZEZEILA. Hara! Inhauteriak! Ikusi, ikusi horiek; zientzialari txinatar zoroz mozorrotuta mamu harrapariak beharrean, birus harrapariak dirudite. Zein dibertigarria!

MARTIA. Eskiaren hilabetea. Badatorrela, badatorrela elur jauzia. Martxoaren 13an erabakia.

GORRAILA. Kopa finala. Eta Sevillan Giraldilla, ipurdiko… Ez Athletic ez Reala, baina bertan izango da koroa erreala edota birala?

OSTOILA. Osasun langileei txaloka pasa ditugu asteak. Balkoiak arrapataka utzi eta hartu dugu kalerako bidea. Musukoa bai? Musukoa ez? Pello Joxepe tabernan dala… Tooo musukoa sari moduan. Balkoietan polizia, gure herrian gutxi genituen eta gehitu diegu laguntza bizia.

GARAGARILLA. San Pedroak pott! Hauteskundeak iparraldean eta hemengoak ere usainean. Interesak tartean, birusak besapean dakartzan bozkak abiadura bizian.

GARILLA. OPORRAK! Oporrak! Oporrak? Oporrak bai edo oporrak ez? Hauteskundeak bai, oporrak ere bai, kapitalaren bizi nahi. Herriko emaitzak aldaketaren lehen urratsa izango direlakoan naiz, baina tartean badaezpada oporretan izango naiz. 

AGORRILA. Hondartza, mareak, jendea, kotxea, trena, kotxea, autobusa. Hondartzarik ez, kotxeak bai, garraiobideak bai noski, lanerako bereziki bai.

BURUILA. Kontxan arraunean, jendea etxean, bokata eta sagardoa egongelan. Kirolaren esentzia bertan behera. Gazteen aisialdi aukera osasuntsuena haizea hartzera. Nork hartuko dio zentzugabekeria honi izaera? Ikasturte hasiera, irakasleak lanera, beste guztiak lez egin beharretan murgiltzera. Kontuz birusa! Arriskuan gaude baina ondoan daukagu errausketa, bigarren mailan orain, baina zaborra erreta. Tourra martxan da Frantzian, jarraian etorriko dira Giroa eta Espainiako itzulia. Zein arraroa den bizitza.

URILA. Lasarte Oria EZ kros herrikoia. Giroa orain? Herrian  falta dena da giroa, krosak sortzen baitu data honetan zirrara.

GOROTZILA. Kalera irten gara erabiliz euskara. Euskaraldi gaingabetua urte honetakoa. Espainiako itzulia? Garai honetan eta Euskal Herrian. Birusak zoratu gaitunaren zalantzarik ez da. Ostadarren txirrindularitza porra ez irabazteko aitzakia galanta. Itzuli bakoitza noiz den ezin jakin antza.

NEGUILA. Gure olentzero, gure olentzero… Ba al dator? Tabernak itxita, gero irekita, gero itxita. Ikazkinak duen ardoarekiko zaletasunarekin zalantzak ez dio asko lagunduko aurtengoan. Opariak ahaztuko ote ditu baita?

Hau da hau hitz anabasa, pipermina, gatza eta saltsa. 2020 urte aldrebes honen laburpen garratza. Guztiok irentsi behar izan dugun zirkua eta dantza. Urte berri onik norbaitek izan ote duen zalantza. Horrela opa dizuet guztioi, inoiz baino gehiago zorionak eta zintzo pasa.

Hau da urte honen laburpen eskasa. Badator hurrengoa, gora Osasuna eta Nafarroako baratza!