Azken urteotan Euskal Zirkoa ibili da herriz herri, zirkoa ere euskaraz egin daitekeela erakutsiz, eta garai hartan zirkoa balkoiez balkoi ibili zela esan behar. A ze espektakulu sorta: aerobic klaseak, ezkontzak, pintxo poteak, jaialdiak…
Euskaldunak ez gara konforma errazak, denok ados jartzea asko kostatzen zaigu, ezinezkoa dela esan gabe; baina itxialdiak gauza batean, behintzat, lortu zuen hori gainditzea; zortzietan denok irteten ginen txalo egitera balkoietara artalde gisa. Ez zuen asko iraun, noski, baina miraritxoa gertatu zen behintzat.
Euskaldunak elkar agurtzekoak ere bagara: gure “Epa!” ezagun egin zuen iragarki batek, pentsa! COVID19-ak eskua ematea kutsagarri gerta litekeela-eta, norbaiti ukalondoa elkar ukitzea bururatu zitzaion, irudi xelebreak utziz. Ez dakit nola ez dugun ipurdia elkar igurtzitzen, garbi asko baitaramagu, ikusi besterik ez dago zenbat komuneko paper gastatu dugun.
Ordutegi eta arau zorrotzak jarri zizkiguten itxialdian, ezin atera nahi genuen ordu eta lekuetara. Etxean txakurra zutenek malgutasun handiena izanik, maskotaren egin beharrak egitera ateratzeko aitzakiarekin, batzuek herriari buelta ematen zioten; sekula hainbeste ibili gabekoak ere izango ziren.
Musukoa beharrezkoa eta derrigorrezkoa dugu edonon eta edonoiz. Gure parte bilakatu da denbora gutxian, giltzak, kartera, klinexak eta mugikorra bezalaxe. Forma eta estilo desberdinetakoak aukeran, modaren eraginpean janzkerarekin konbinatu daitezkeenak.
Garai berrietan, ohiturak ere berriak. Toki itxietan egoteko jende kopurua mugatu egin dute, hau da ilarak sortzeko arrazoietako bat. Dagoeneko ilarak egitera ohitu gara; farmazian, supermerkatuan, okindegian, edonon lerroan eta distantzian egon behar. Tanatorioan ere, bizidunen ilarak ez ezik, hilkutxen ilarak ere badaude.
COVID19-a behar baino jende gehiago eramaten ari da, behar baino lehenago eta behar baino modu ankerragoan. Askok jainkoari erregutuko diote egoera hau lehenbailehen pasa dadin, baina beste asko jainko berri baten bila ariko dira, Marradona hauts bihurtu baita.
Pandemia hau gerrate moderno bat omen da, tirorik gabeko mundu gerra bat. Baina ez denean, Saharan 45 urtetako gatazka isil eta ahaztu baten ondoren gerra piztu baita. Eta han, independentziaren aldeko benetako tiro hotsak entzuten dira.
Zutabe hau idazten ari naizela, inuxente eguna dela jabetu naiz, eta ez dakit urtea bera inuxentekeria bat ez ote den.
Pasa dira egunak, pasa dira hilak. Ez dakit egin dugun aurrerantz ala atzerantz, baina haiek ez dira berriz itzuliko. Saiatu beharko dugu gogoz, eta izan dezagun helburu datorren urtea bizitzea.