Konspiranoia

Asier Odriozola 2020ko abe. 31a, 07:15

Urteko azken egunotan gure arima osoa prestatzen hasten da elkarri urte berri ona opa izateko. Ohitura bat izaten da, errituala, mekanikoa maiz. Iruditzen zait oso gutxitan pentsatzen dugula berez eta benetan urte berriak zer ekarriko digun. Guztioi opa digute, abenduaren azken arnasarekin batera, urte ona izan dezagula, baina gero urteak nahi duena ekarriko digu edo guk nahi/ahal duguna egingo dugu ate joka datorren urtearekin. 

Ez naiz 2021ean pentsatzen ari, badoan eta historiko bihurtu den 2020an baizik. Inor gutxik pentsatu zuen, urtezaharreko poteoaren alegrantzia txoroaren lausoan, zer zekarren itxura polita zuen 2020ak: ohitura guztien aldaketa, aisialdiarena bereziki, etxealdi luze eta astuna, musukoa jantzita etxetik atera beharra, eskuak ohikotik askoz ere haruntzago garbitu beharra baina batez ere heriotzak. Ehundaka izan dira gurean, milaka gertu eta ehun milaka mundu osoan COVID19-ak bultzata hil direnak. Horregatik izan da harrigarri eta mingarri askoren jarrera ukakorra. "Ez da gaitzik" diote batzuek; "ez da dioten bezain larria", diote beste batzuek; eta "urtero gripeak ere hiltzen du jendea", diote beste askok. Ez dut ulertu hasiera hasieratik jarrera hori. Garbi dago gauza asko ez direla behar ziren bezala kudeatu, arerio berri bati erantzun beharrak justifika lezakeen kudeaketa aldakorra baina “konspiranoia” jarrera umekeria iruditzen zait, ospitaletatik datozen berriek biluzik uzten duten argudio eskasa, pelikula gehiegi ikusi dituenari bururatzen zaizkionak.

Orain 100 urte izan zen azken pandemia larria eta hemendik 100 urtera, bete-betean harrapatu gaituen hau aztertu eta aipatuko dute, azpimarratuz inozo batzuk errealitatea ukatzen zutela, birusarekin kutsatu eta zaintza berezietako gela batean sartzen zuten arte. Ez diot hori inori opa, baina batek baino gehiagok merezi du halako esperientzia labur bat itzulerakoan umil-umil ibiltzeko. Horiei ere 2021. urte zoriontsua opa diet, noski.