Itxialdiak gure kontsumitzeko era hankaz gora jarri zuen, eta dirudienez, gure ohiturak aldatu ditu. Sukaldaritzarekiko harremana ere aldatu du. Lehen egunetako beldurrak merkatuetako apalak garbiturik utzi zituen. Irina eta legamia ez ziren behar bezala hornitu; bereziki, irin findua. Izan ere, etxean ogi osasungarria egiteko asmoa etxeko gozogintza bihurtu zen: bizkotxoa, opiltxoak… zenbatero izan ziren zure etxean? Baina apal guztiak ez ziren garbitu, denok jaso genuen brokoliz betetako apalen irudiak. Kontsumitzaileen asmoa: sukaldean gehiago aritzea, kirol gehiago egitea eta ohitura osasungarriak jarraitzea zen; errealitatea, aldiz, kontrakoa izan da. Jarduera fisikoaren murrizketa gertatu da eta Basque Culinary Centerreko Innovation sailaren datuen arabera, gozoen kontsumoaren % 50 igoera gertatu da, besteak beste.
Kontsumitzaile gehienak sozialak dira, janaria da biltzeko duten aitzakia ezin hobea (aurten ia-ia ezinezkoa); baina emozionalak deiturikoak, beren aldartearen arabera gidatzen direnak, bor-bor daude. Erosketen datuak aztertzean zizka-mizken eta ultraprozesatuen kontsumoa igo da. Aitzakia da tabernetan kontsumitzen zena etxean kontsumitu dela; azalpena, ordea, azken hauek ez dutela bizi urterik egokiena. Hala ere, jakin, mokadu horiek aukeratzeak eragin kaltegarria izan duela aldartean. Horien artean zaude? Azken batean, etxean hainbeste denbora igarotzeak ekarri du: gozogintza gehiago prestatu-kontsumitu (% 85ak egunero jaten du), delivery edo take-away gehiago erabiltzea (momentu sozialak faltan ez botatzeko), energia gutxiago gastatu (komuneko paperaren erronkak ez dira nahikoak izan kirola mantentzeko) eta afarien ondoren mokoka eta garagardo gehiegikeriak (lo okerragora eramaten duenak).
Dena den, zer nahi dugun jakiteko balio izan digu eta kontsumitzale-zorrotzak bihurtu gaitu. Erosketak maizago egin dira eta 0 km-ko produktu gehiago kontsumitu dira, bai tokiko eta bai online merkataritzan. Elikagarrien jatorria ezagutu dugu, baina hemengoak izateak, ekologikoagoak izateak ez ditu nutrizionalki osasungarriagoak egiten. Beraz, tokiko-ekonomia sustatzen saiatu gara (eskerrik asko), baina zer erosi ikastea falta zaigu: haragi gorri eta prozesatu gutxiago, eta fruta-barazki askoz gehiago; % 20 soilik iristen baita gomendioetara.
Landu, elikatu, babestu: elkarrekin. Hasten den urte honetan, gardentasun handiagoa eskatuko dugu. Landareetan oinarritutako elikagaiak. Influencer-en artean iraultza gertatuko da: irizpiderik gabe saltzeak sinesgarritasuna kendu die, eta ekoizle txikiak izango dira orain gure preskriptoreak. Osasunaren fokua inmunitatean jarriko dugu, baita lortzen laguntzen diguten mantenugaietan ere. Ba al dakizu zein izango den 2021eko kolorea (pantone-a)? Horia. Energia kolorea, alaia, gure arreta harrapatzen duena. C-, A-bitamina eta potasioa duten elikagaien kolorea da, eta gure inmunitate-sistema indartzen dutena. Kasualitatea? Gure gogo-aldartea ere hobetzen saiatuko gara, osasuna kaltetzen ez duten zentzumen-hobekuntzekin; beti ere, ukitu exotiko batekin, seguruenik, afrikarra. Eta ahal bada, etxera ekar gaitzatela.
Lasai izan, bat-batean, hasiera berriaz ohartaraziko zara; eta irribarrea, berriro ere, zure bizitzaren jabe bihurtuko da (Acción Poética). Olatzek dioen bezala, irekita eduki zure emozioen atea.