Bakoitzak pilatu ditugu aurrera ateratzeko ezinbesteko ondasunak eta bizipenak gure oskoletan, baina abailduta iritsi gara abendu amaierara. Nik, esate baterako, burua eta hanka-besoak ezkutatu nahi ditut bizkar gaineko etxetxoan. Hotz ari du kanpoan eta goxo nago estalki barruan. Hor kabitzen zaizkit krisi honi aurre egiteko gutxienekoak: babes sarea, bizitoki eroso bat, etxetik lan egiteko nahikoa baliabide, eta, beraz, soldata bat bermatzen didan enplegua.
Burua atera dut babestokitik eta ikusi ditut beste dortoka batzuk pasieran. Nirea baino oskol handiagoa —baina ez horren sendoa— dute, ordea, bizkar gainean: lana galdu dute zenbaitek eta alokairua ezin ordaindu egon dira beste batzuk hilabeteotan. Beren senideak ezin bisitatu gelditu dira asko, dela espetxean, dela zaharren egoitzetan, dela ZIUan. Larru gogorra dute dortokek, hilabete hauetan osasun krisiak eragindako eztandari aurre egin behar izan diotenei lakartu zaien beste. Hor dira zaharren egoitzetako langileak, garbitzaileak, etxez etxeko zaintzaileak, medikuak, erizainak, irakasleak, ostalariak. Badira etxea arriskugune bihurtu zaienak ere. Zer gertatzen da ez bazara familia nuklearraren teilatupean kabitzen? Zer gertatzen da zure bizitokiak indarkeriazko egoerak iraunarazten baditu? Zilegi al da oskola bide bazterrean aparkatzea?
Martxo erdialdean larrituta bezain harrituta pentsatu genuen gauzak aldatzeko une aproposa zatekeela pandemia. Baina nahikoa lan norberaren oskol barnean eroso sentitzearekin, eta orain Berri Txarraken kantu bera datorkit gogora: “Irudimen tona baten beharra daukat edozeri iraultza deitzen jarraitzekotan”. Amestu genituen bizi unitate berriak, elkartasun sareak, lan eskubideak hobetzeko grebaldiak, osasun, hezkuntza eta oinarrizko errenta unibertsala herritar guztientzat, osasun larrialdia dela eta presoak hurbiltzea... Eta ohartu gabe abendu amaierara ailegatu gara, baina zaharren egoitzetan segitzen dute protestek, presoak urrun daude oraindik, familia nuklear eta heteronormatiboen logikan jarraitzen dugu biltzen, eta, halere, zenbat kostatzen zaigun geure oskolaren berotik burua ez ezik hankak eta besoak ateratzea, eraldaketa mugiarazteko.
Inork ez zuen esan egun batetik bestera aldatuko genituela gauzak, eta badakigu dortokak zein geldo mugitzen diren, baina zenbat literatura behar da azaltzeko beharbada erlojuek baino mila bider gehiago balio dezakeela badoan denborak?
Zein urte luzea.