MEGABA

Gaur egungo egoerara moldatutako harrera Errege Magoei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 09:00
Errege Magoen aurtengo harrera desberdina izango da, COVID-19ak hala behartuta. Azken urteetan Brigitarren Komentura joan izan dira.

Megaba elkarteak jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako egoerara egokitutako harrera egingo zaie Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei bihar, asteartea, urtarrilak 5. Sasoeta, Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeetako gimnasioetara etorriko dira, eta haienagana joan nahi dutenek aurrez hartu beharko dute hitzordua Bibe plataforman.

Errege Magoek ezin izango dituzte herriko kaleak zeharkatu haien karroza dotoreetan, herritarrak espaloietan txaloka eta poltsak gozokiak lurretik jasotzeko prest dituztela, baina Meltxor, Gaspar eta Baltasar etorriko dira herrira hala ere. COVID-19ak eragindako egoerara moldatutako harrera prestatu du aurten Megaba elkarteak.

Urtarrilaren 5ean, asteartearekin, goizez eta arratsaldez egongo dira hiru erregeak herrian. Sasoeta, Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeetako gimnasioetan hitz egingo dute gaztetxoekin, eta haien eskutitzak ere jasoko dituzte. Ordutegiak hauek izango dira: goizean, 11:00etatik 13:15era, eta, arratsaldean, 15:15etik 19:30era. Antolatzaileek adierazi dutenez, derrigorrezkoa izango da hitzordua aurrez hartzea Bibe izeneko plataforman. Doakoak dira, eta herritarrek aukeratu behar dute zein erregerekin egon nahi duten: Melchorrekin, Gasparrekin edo Baltasarrekin.

Ordu laurdeneko tarteak

Erregeei egingo zaizkien bisitak bakarkakoak izango dira, 15 minutuko tarteetan banatuta. Adingabe bakoitzeko bi pertsona helduk sartu ahalko dute gehien jota, eta bizikidetza-taldeek ezingo dute sei pertsonakoak baino gehiagokoak izan. Ikastetxe kanpoaldeetan pilaketak saiheste aldera, antolatzaileek eskatu dute erreserba-ordua baino hamar minutu lehenago joatea tokira, asko jota, beti ere distantziak mantenduz eta maskarak jantzita; sei urtetik gorakoek, derrigorrez.

Lasarte-Oriako ahalik eta haur gehienak erregeak bisitatzera joan daitezen, antolatzaileek gertutik zainduko dute bizikidetza-taldeek erreserba bikoiztuak ez egitea. Orduak hartzerakoan, tentuz jokatzea eskatu du Megabak. Familiaren batek hitzordua gordeko balu, baina gero ezingo balu joan, ahalik eta lasterren cabalgatalasarteoria@gmail.com helbidera idaztea eskatu dute, Megabak berriro ordu hori eskuragarri jar dezan.

 

 

Erlazionatuak

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020 urt 05 Gizartea