ERREGE MAGOAK

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 5a, 20:55

Meltxor, Gaspar eta Baltasar prest daude herriko hainbat etxetan opariak banatzeko gaur gauean. Kabalgatan ikusi da euren grina; goxokiak bota dituzte etengabe, eta euren zain zeuden gazte eta helduak sutsuki agurtu. Bisitatu dituzte Biyak Bat egoitzako jubilatuak eta Ama Brigitarren komentuko mojak. 

Errege Magoen bidaia hasi besterik ez da egin. Ekialde Urrunetik etorri dira gamelu gainean, egia da, eta kilometro asko daude Lasarte-Oriara, baina oraindik egiteke dauzkatenak ikusita, abenturari oraintxe ekin diotela esan daiteke. Izan ere, herritarren etxeetara joan behar dute orain Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, opariak –eta ikatza, zergatik ez– uztera.

Ez dute lan guztia euren bizkar gainean hartuko; pajeek lagunduko diete. Beraiek jaso dituzte eskutitzak eguerdian, Okendo plazan, erregeak Atsobakarreko egoitzan zeuden bitartean. Elkartu egin dira gero, bazkalostean, Ama Brigitarren komentuan: oraindik gutunak entregatzeke zituzten haurrekin egon dira, ordubetez. Eta gero, eguneko une hunkigarriena: kabalgata. Megaba elkarteak antolatu du, urtero legez. Karroza bat gehiago sartu dute aurten –tren koloretsu bat, tximiniatik lurruna botatzen zuena–, eta ibilbidea zertxobait moldatu. Bi geldialdi egin dituzte: Biyak Bat egoitzan eta Brigitarren komentuan.

Atzerapen apur batekin iritsi da kabalgata erdigunera. Antolatzaileen arabera, karrozetako bati gurpila zulatu zaio ibilbide hasieran; azkenean, bete ahal izan du ibilbide osoa, aparteko arazorik gabe. Oriako pilotalekutik hasi dira; Kale Nagusia zeharkatu dute gero; Tajamar biribilgunea hartu aurretik ezkerretara egin dute; eta Antonio Mercero aretora sartu. Ondoren, hiru erregeak udaletxeko balkoira igo dira, herritarrak agurtu eta urtean zehar nola portatu diren galdetzera. Egia edo gezurra esan, norberak ikusiko du zer egin; bihar goizean jasoko du urtean egindakoaren fruitua, pinu azpian.

Erlazionatuak