Espetxe Politikaren Behatokiko kide Teresa Todarekin solasaldia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 13:10

Lasarte-Oriako Sarek antolatuta, Teresa Toda kazetari eta Espetxe Politikaren Behatokiko kideak eta Maider Galardi kazetariak Isolamendua eta gradu aldaketarako oztopoak. Jabi Gallaga herritarraren egoera Cordobako espetxean hizpide izan dute.

Hogei bat lagun batu dira Udal euskaltegiaren hitzaldi aretoan Teresa Todak eta Maider Galardik izan duten solasaldia entzuteko. Bertaratu gabe, Palmondo Irratiaren bidez zuzenean jarraitzeko aukera ere izan da. 

Gaiarekiko interesak bi txostenetan du oinarri. Batetik, irailean Cordobako espetxetik irten den Iñaki Alonsoren testigantza, 33 urteren ondoren. Bertan, isolamendua nola eragiten dien adierazi du. Bestea, Foru Sozialak oraintsu egindakoa, zehazki, isolamendua eta gradu aldaketarako oztopoak aztertzen dituena kartzela horretan. Gaian sakondu eta bertan den Jabi Gallagaren egoera hobe ezagutzeko antolatu dute solasaldia. 

Marko juridikoaz gain, ikuspegi humanoa ekarri nahi izan dute, preso baten egunerokoari erreparatuta. Izan ere, Toda bera, Cordobako espetxean preso egon baitzen, beste espetxe batzuren artean. Lehen azalpena gradu bakoitzaren baldintzei buruzkoa izan da. "Gauza bat da gradua eta beste bat horretan dituzun baldintzak. Hasieratik lehen graduan, behin behinekoz. Zure bizi baldintzak nahiko mugatuak dituzu, preso gehienak bigarren graduan daude. Horrek esan nahi du zure ziegan lo egiten duzula, ateratzen zara gosaltzera, ikastaroetara, patiora... elkarrekin bazkaldu eta siestaren ondoren berriro atera zaitezke".

Lehen graduan, aldiz, patio orduak mugatuak dira, lau ordu; eta bestelako mugak daude, ezin dute ekimenetan parte hartu, komunikazioak interbenituta dituzte, besteak beste. Baldintzak, ordea, gogorragoak edo malguagoak izan daitezke gradu berean egonda. Muturreko egoera isolamendua da. "Urte luzez egon dira, ziegan bi gauza edukita: bi galtza, bi kamiseta, bi liburu... binaka. Oso murriztuta". 

Espetxe barruan, "isolamenduko moduluak zigor modulu bezala diseinatuta daude. Galeria txikiak dira, hamar ziegakoak, patio oso txiki bat, ate gogor eta astunak, gauzak pasatzeko gune batekin. Pentsatuta daude gehienez jota hamalau egun igarotzeko". Egoera oso gogorra dela azaldu du Todak, estres handiko modulua dela eta harremantzeak duen garrantzia nabarmendu du. Ildo horretatik, Galardik gogora ekarri du badirela zenbait ikerketa ondorioztatzen dutenak  hamalau egunetik aurrera zigor ziega horietan egoteak "atzeraezineko kalte psikologikoa" eragiten duela eta Gallagak hamasei urte daramatzala horrela. Todak argitu duenez, honetarako helduleku juridikorik ez da, bestelako neurri batzuetan bilatzen dute aitzakia. 

Gallagak gradu aldaketa eskatu duenean, jaso dituen ezezkoak "corta y pega" direla argitu du Galardik. Hiru multzotan banatzen dira: erantzukizun soziala bere gain ez hartzea, nahikoa damu ez adieraztea eta jarrera ezegokia nahiz dagokion delituaren larritasuna. Antza, aldaketa bat izan da eta Espainiako espetxe zuzendaritza orokorrak Cordobako espetxeari eskatu dio bere erabakiak kasuak kasu zehazteko, argudio orokorrak erabili gabe. 

Amaieran, Joxe Mari Agirretxek hitza hartu du Ibon Fernandez Iradiren egoeraren berri emateko. Hamazazpi egun dira sintomekin hasi zenetik eta bi aste daramatza bakartuta isolatuta ziega berezi batean. Jada ez du sintomarik, baina duela hamar egindako azken proba positiboa izan zenez, ez dute bere ziegara eraman nahi.

Solasaldiaren ondoren, talde argazkia egin dute anbulategiko eskaileretan.