Abenduaren 10ean Gabonetarako iragarritako neurri batzuk gogortzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Dekretua bihar argitaratuko dute eta 23tik 24rako gauerdian sartuko da indarrean EAEko hiru lurralde historikoetan, Gipuzkoa tartean:
- Etxeratzeko agindua 00:30era aurreratu dute abenduaren 24tik 25erako eta 31tik urtarrilaren 1erako gauetan.
- Tabernek eta jatetxeek 18:00etarako itxi beharko dute abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, aldiz, ezingo dute 09:00ak baino lehenago ireki. Komertzioek ere ez.
- Gabon gaueko afarietan hamar pertsonak elkartu ahalko dute, baina, Urtezahar gauekoetan, seik.
- EAEko konfinamendu perimetralik ez da egongo abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era, hasieran iragarri baino bi egun gutxiagoz, hain justu (30a eta 2a kendu egin ditu Lakuak).
- Kanpinetan ezingo da bezero berririk hartu abenduaren 29tik urtarrilaren 2ra; 28an bertan egon behar dute ostatu hartuta.
Sagarduik gogorarazi duenez, "bereziak" dira aurtengo Eguberriak, "beste era batera" ospatu beharrekoak. Esan badu ere pandemiaren eboluzioa "positiboa" izan dela, adierazi du "asko" geratzen dela egiteko, eta EAE ez dela iritsi urri hasierako inzidentzia tasa metatuetara. Gogoratu du "beharrezkoa" dela taberna eta jatetxeetan "uneoro" maskara jantzita izatea, jateko edo edateko unean izan ezik. Olentzero eta Mari Domingiren eta Errege Magoen etorrera ekintza moldatuetan neurriak eta protokoloa "oso zorrotz" zaintzea eskatu die antolatzaileei eta autoritateei.
Txertaketa kanpaina, abenduaren 27an
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak iragarri du igande honetan hasiko dela txertaketa kanpaina, hilak 27. Aurreratu du adineko pertsonei jarriko zaizkiela dosiak, baina ez du zehaztu nahi izan zenbat izango diren eta Osakidetzak dagoeneko herritarrak deitzen hasi den ala ez.
"Txertoa mugarria izango da pandemiaren aurkako borrokan, baina osasun-neurriekin elkarbizitzen jarraitu beharko dugu oraindik ere", gehitu du Sagarduik.