Amaitzear den urteak izandako zailtasunak zailtasun, Euskaraldian egindako lanak eta ariketa sozial horrek herrian izandako emaitzak nabarmendu dituzte Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek. "Herriko euskararen hizkuntza-komunitateak duen bizinahia eta bizi-indarra azpimarratzekoak dira".
Urte oso berezia izan behar zuen aurtengoak, Euskaraldia ez ezik, Euskararen Maratoia egin behar zuelako herriak, baina, pandemiak eragindako egoera tarteko, antolatzaileek erabaki dute 2021. urtera atzeratzea, ondo bidean, orduan ospatu ahalko delakoan. Dena den, aurreko urteetan egindako lanek "lurra landuta" topatu dutela adierazi dute Antxordokik eta Ormazabalek: "Azpimarratzekoa izan da oso herriko erakunde zein pertsonek parte hartzeko azaldu duten borondatea. Euskaraldiak herrian izandako emaitzei buruz jardun aurretik, balioan jarri dute hori guztia "herrian ehundutako sareari eskerrak" izan dela. "Udalaren eta Ttakunen artean sinatutako hitzarmena eta eraikitako elkarlana egon da erdigunean, baina bai euskalgintzako erakundeek eta bai herriko gainerako elkarte eta enpresek ere dinamizazio lan bikaina egin dute".
2.105 herritar eta 65 erakunde
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra 2.105 herritarrek eta 65 erakundek astindu dituzte hizkuntza-ohiturak Lasarte-Orian. Parte hartu duten norbanakoen profila hau izan da: 35 eta 49 urte arteko emakumezko ahobizia, izan ere, hamar pertsonatik sei izan dira emakumeak, hamarretik zazpi ahobiziak eta parte-hartzaileen %36k dituzte 35 eta 49 urte artean. Nabarmentzekoa da 2018ko edizioan hizkuntza-ohiturak astindu ez zituzten 424 herritar berrik hartu dutela parte ekitaldi honetan, guztien %20. Horrekin batera, antolatzaileek adierazi dute herrian hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa sozial hori egin den hiru saioen artean –2016ko Euskararen 9. Maratoian eta 2018ko eta 2020 Euskaraldietan– 4.300 pertsona inguruk parte hartu dutela. "Lasarte-Orian euskara ulertu behintzat egiten duten 16 urtez gorako herritarren %50a suposatzen du, gutxi-gorabehera".
2018ko edizioan hizkuntza-ohiturak astindu ez zituzten 424 herritar berrik hartu dute parte aurtengo Euskaraldian
Ariguneak 65 erakundetan sortu dira: horietatik 41 denda eta enpresetan, 13 herriko elkarteetan eta 11 euskalgintzako erakundeetan, udala eta Ttakun KE barne. Guztira 407 arigune sortu dituzte, barneko 136 eta kanpoko 271. Antolatzaileek adierazi dute ezin dutela jakin horietako bakoitzean izen izan den ariguneek izan duten efektua bera, baina "hainbat esperientzia onen berri" izan dute asteotan.