Eguberriak gerturatzen ari dira: iristear den urteko sasoi hori abagune paregabea izan daiteke seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko. Paperezko katalogoa ez ezik, bertsio digitala ere ondu dute Euskal Herriko makina bat udalerritako euskara zerbitzuek: "maiztasunez" eguneratzen da eta ia 11.000 produkturen erreferentziak jasotzen ditu www.katalogoa.eus web-orriak. Sortzaileek azpimarratu dute "etengabe" hazten ari dela kopuru hori.
Bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Atal bakoitzak bere direktorioa duenez, tipologia bakoitzeko produktuak (liburuak, komikiak, musika diskoak, jokoak...) bilatzea errazagoa da; tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen-dataren arabera bistara daitezke. Erabiltzaileak, produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartu ahalko du, non eskuratu botoia klikatuta.
70.000 ale etxeetara
Atari digitala ez ezik, paperezko katalogoa itxuraberritu egin dute parte hartu duten euskara zerbitzuek. Bi atal nagusi izango ditu horrek ere: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak, berriz, 0-12 urte bitartekoentzat direnei eta gurasoentzako materialei. "Produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin-tarte bakoitzari".
Euskarri fisiko horrek ez ditu jasotzen web-orriak adina erreferentzia, baina bai atalka antolatutako hautaketa bat: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.
Lasarte-Oriako Udalak 16 urtez azpiko pertsona bat bizi den etxebizitza guztietara igorri du paperezko ale bat: Gabonak iritsi aurretik, beraz, denbora nahikoa daukate herritarrek produkturen bat begiz jo eta seme-alabei edo ingurukoei euskara oparitzeko.
Nobedadeen jarraipena
Urtean zehar produktu gehiago argitaratuko direnez katalogoan, interesatuek izan dezakete horien berri, Facebook sare sozialaren bitartez. Hori aski ez, eta katalogoaren web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin.
Azken finean, sortzaileek azpimarratu dutenez, honako hau da www.katalogoa.eus atari digitalaren helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.