Elkarte horrek gogoratu duenez, hilabete pasa da Marokok 1991tik haren eta Mendebaldeko Sahararen artean indarrean zegoen su-etena hautsi zuenetik; Guerguerat lurralde desmilitarizatuan sartu –Mauritaniaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko mugan dago– saharararrak egiten ari ziren protesta bat desegiteko; eskualde horretan dagoen errepidea trabatzen ari ziren manifestariak. "Azaroaren 13 triste horretan komunikabideetan Mendebaldeko Saharak presentzia azkenengoz izan zuenetik. Izan ere, ikusezina dena ez baita existitzen, eta magia trikimailu honetaz ederki baliatu dira urte luzez sahararren lur eta baliabideetan interes ekonomikoak dituzten gobernu eta empresa boteretsuak. Dagoeneko 45 urte dirauen gatazka itzalpean mantentzea lortu dute, munduko begiradetatik urrun".
Oraindik AEBetako presidente den Donald Trumpek Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean (abenduaren 10ean) adierazi zuen Marokok daukala Mendebaldeko Sahararekiko "subiranotasun osoa". Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oriak kritikatu du horrek deitu zuela hedabideen arreta, eta orduan hitz egin zutela gaiari buruz albistegiek.
"Magia trikimailua" hausten
"Gure saharar anai-arrebei esan nahi diegu guk ikusten ditugula", nabarmendu du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oriak. "Magia trikimailua" hausten saiatzen ari dela adierazi du, sahararrak "ikusezinak" izan ez daitezen, eta gero eta pertsona gehiagok ikus ditzaten.
Bide horretan urratsak egin dira Lasarte-Orian azken egunetan. Abenduaren 10ean bertan, Bizipoza Lasarte-Oriatik Lesbosera jaialdian tokia izan zuen Mendebaldeko Saharak. Horrez gain, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oriak aurkeztutako mozio bat onartu zuen udalbatzarrak, aho batez. "Pozik egoteko eguna, zalantzarik gabe".
Elkarte horrek lanean darrai, eta igande honetan Donostian egingo den manifestaziora joatera animatzen ditu lasarteoriatarrak; Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarriak zabalduko dira ekitaldian. 12:00etan jarri dute hitzordua, Alderdi Ederren.