ESKUALDEA

Diagnostikotik ekintzara igarotzeko proposamena hizpide

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 10:22

Lasarte-Oriako EH Bilduk Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena txostenaren inguruko ekitaldia antolatu du abenduaren 9rako, asteazkena. Emagin eta Maitelan eragileetako kideak gonbidatu dituzte egitasmoaren berri ematera. Aurrez izena eman behar da 683 31 98 21 telefonoan edo lasarte-oria@ehbildu.eus helbide elektronikoan.

Eskualdeko zaintza lanen erregimenaren diagnostikoa eta ikerketa-lana jorratu ditu Emagin elkarteak, Beterri-Buruntzako udalekin elkarlanean. Herriko EH Bilduk ohar bidez kritikatu duenez, eskualdeko udal guztiek parte hartu dute prozesuan, Lasarte-Oriakoak izan ezik. "Oso larria iruditzen zaigu gure herriko udalak ez parte hartzea; gure herrian ez al ditugu urratsak eman behar zaintzaren alorrean edota parekidetasunarenean? Eskualdeko dinamikan integratu behar du udalak".    

EH Bilduk azaldu duenez, duela pare bat urte ekin zioten zaintza lanak demokratizatzeko prozesuari eskualdean: berdintasun- eta enplegu-teknikari eta elkarte feminista zein arrazakeriaren aurkakoekin osatu zuten Foro Feminista izeneko espazioa, asmo hauekin: proiektuari buruz hausnartzea; eskualdeko beharrak identifikatzea; eta ekonomia feministan formatzea. Lan horri forma eman dio Emaginek, eta Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena izeneko txostena ondu du.

"Oso larria iruditzen zaigu gure herriko udalak prozesuan ez parte hartzea"

Hitzordua, abenduaren 9an 
Lan horri buruz berri emateko asmoz, Lasarte-Oriako EH Bilduk ekitaldia antolatu du abenduaren 9rako, asteazkenez, Mercero gunean, 18:00etatik 19:00etara. Emagin eta MaiteLan elkarteetako kideak gonbidatuko ditu; arestian aipatutako txosten horri buruzko gakoak emango dituzte. EH Bilduk nabarmendu du aldez aurretik izena eman behar dutela solasaldi hori zuzenean ikusi nahi duten herritarrek. 683 31 98 21 telefono zenbakira deitu edo idatzi behar dute, edo lasarte-oria@ehbildu.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali. Gehieneko edukiera beteta ere, aretora joaterik izango ez dutenek streaming bidez jarraitu ahalko dute ekitaldia.

Zaintza eta berdintasunaren alorretan Lasarte-Orian dagoen egoerak "kezka handiak" sortzen dizkio koalizio abertzaleari. "Ez dugu berdintasun-sailik, ez berdintasun-teknikaririk: lanketa horiek azpikontrata bidez kudeatzen dira. Emakumeon etxerik ere ez, funtzio horiek ez dituelako betetzen Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroak". Lasarte-Oriako EH Bilduk "behin baino gehiagotan"  adierazi du horren guztiaren beharra dagoela. "Udalak ez du baliabiderik jartzen zaintzaren eta parekidetasunaren alorrean urratsak emateko eta horiek erdigunean jartzeko; zalantza sortzen digu borondaterik ere ba ote duen horretarako". Alderdiak adierazi du "neurri zehatzak eta baliabide ekonomiko eta pertsonalak" jarri behar dituela udalak, indarkeria matxista jasan eta jasaten duten emakume herritarren kopuruak gora egin duela azpimarratzearekin batera.