COVID-19

Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berriak: taberna eta jatetxeen irekiera partziala eta probintzia barruan mugitzeko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 08:30

Tabernek ateak ireki ahalko dituzte berriro. Terrazen edukiera %100ekoa izatea baimendu du Eusko Jaurlaritzak.

Asteazken arratsaldean bildu da LABI EAEko Babes Zibilaren Planaren aholku batzordea. Horren ostean, ostiral honetan dekretu batean argitaratuko diren neurrien berri eman du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Tabernek eta jatetxeek 06:00etatik 20:00etara ireki ahalko dituzte terrazak %100eko edukierarekin, eta barrualdea, aforoaren erdira, eserita kontsumitzeko. Neurrietako batzuk zertxobait malgutuko dituzte Eguberrietako ospakizunen egunetan.

LABI batzordeak iragarritako neurriak:

  1. Etxeratzeko agindua 22:00etatik 06:00etara artekoa izango da, abenduaren 24tik 25era arteko eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era arteko gauetan salbu: 01:30etara arte luzatuko da.
  2. Konfinamendu perimetrala lasaitu egiten da apur bat: posible izango dute lasarteoriatarrek Gipuzkoako herrietara joatea dekretua indarrean sartzen denean. Eguberrietan, are gehiago malgutuko dute neurri hori: abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra posible izango da EAEtik (Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik) beste erkidego batzuetara joatea.
  3. Bilerek sei pertsonakoak izan ahalko dute, Eguberrietako ospakizunetan izan ezik: orduan, hamarrekoak gehienez, baldin eta bi bizikidetza-unitate baino gehiagokoak ez badira. Egun berezi horietan bileretako pertsonak ez aldatzea iradoki du Lakuak.
  4. Gabonetan egiten diren ekintzak debekatu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, "jende pilaketak" eragiten dituztenak: hala nola, desfileak, kabalgatak, San Tomas azoka, Eguberrietan kantuan irteten diren taldeen ekintzak.
  5. Ostalariek eta jatetxeek ateak ireki ahalko dituzte, zenbait baldintza beteta. Udalerriko intzidentzia tasa 500 kasukoa baino txikiagoa bada (Lasarte-Oriarena 361,22koa izan da abenduaren 8an, asteartez), hauek dira baldintzak: terrazak, %100eko edukierarekin; barrualdea, berriz, aforoaren erdira, eta eserita kontsumitzeko. 06:00etatik 20:00etara ireki ahal izango dute.
  6. Kirol federatuetan aritzen direnek sei pertsonako taldetan entrenatu ahalko dute, eta aldagelak edukiera maximoaren %30ean erabili, asko jota. Kirol ekitaldiei eragiten dieten gainontzeko neurriak berdin mantenduko ditu Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11ra arte. Egun horretan baldintzak "berrikusteko aukera" dagoela aurreratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Horiek izan dira lehendakariak asteazken iluntzean iragarri dituen neurriak. Aurreratu duenez, dekretua ostiralean argitaratuko dute, eta aipatu neurri horiek larunbatetik aurrera egongo dira indarrean, abenduak 12.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: txertoekin errezeloak?

Txintxarri Aldizkaria/Elhuyar 2020 abe 01 Gizartea