COVID-19

Beste lau kasu positibo Lasarte-Orian asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 9a, 16:55

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datu epidemiologikoen arabera, Lasarte-Orian astelehenean bezainbeste kasu atzeman dituzte asteko bigarren egunean: lau. Abendua hasi zenetik 39 positibo detektatu dituzte gure herrian. 

Bezperan baino bost kasu gehiago atzeman dituzte eskualdeko udalerrietan: guztira, hamabi. Horietatik erdiak, sei, Hernanin; Lasarte-Orian, lau; eta bana Andoainen eta Usurbilen. Astigarragan eta Urnietan ez dute kutsatze bakar bat ere atzeman asteartean.

Intzidentzia tasak, oro har, jaisten ari dira. Duela oso gutxira arte gorri kolorea zuten grafikek laranja eta horia hartu dituzte. Eskualdeko udalerri gehienek 100.000 biztanleko 300 kasu baina gutxiago dituzte batez beste azken hamalau egunetan, eta baten bat 100etik oso gertu dago. Lasarte-Oria eta Usurbil dira zenbaki altuenak dituztenak, grafikan ikus daitekeenez:

450 kasu atzeman dituzte EAEko hiru lurraldeetan; horietatik 143, Gipuzkoan. Positibo berriak detektatzeko egindako PCR proba eta antigenoen test azkarren %5,5 positiboak izan dira. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemia ez dago kontrolpean positibotasun tasa %5 baino handiagoa baldin bada.

Osakidetzaren ospitaleetan 388 paziente daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 125 ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan. 

Erlazionatuak