'NEURE KABUZ'

Lasartearra eta euskalduna?

Lierni Rekondo 2020ko abe. 4a, 07:00

“Ez nukeen inoiz pentsatuko Lasartearra zinenik” hala esan zidan duela ez hainbeste unibertsitateko lagun batek. Momentuan ez nuen ondo ulertu zer zen horrekin esan nahi zuena, gerora, ordea, nire euskara mailaz eta funtsean nire euskalduntasunaz ari zela ohartu nintzen. Onartu behar dut amorru handia sortu zidala hori entzuteak, ni ez naizelako herri erdaldun bateko euskaldun bat, herriak euskaldundu duen erdaldun bat baizik.

Badira inertziaz euskaraz hitz egitera zaramatzaten herri edo testuinguru euskaldunak, gurean, aldiz, erabat kontzienteki hartu beharreko erabakia da. Historikoki hain erdalduna izan den herri honetan, hautu pertsonal bat izan delako beti euskaraz egitea, eta noski, horrek, euskaraz bizi ahal izateko ekimenak eta arnasguneak sortzera eraman gaitu; belarria zorroztea besterik ez da egin behar herrigintzan egindako lan guztiak eman dituen fruituez ohartzeko.

Herritar askoren antzera familia erdaldun batean sortua naiz neu ere, 60. hamarkada amaieran Lasarte industrial hartara etorritako etorkinen biloba eta alaba, euskara eta euskal kultura, beraz, ez ditut etxetik jaso. Landaberri Ikastolan irakatsi zidaten Argitxoren hizkuntza estimatzen, Erketz Dantza Taldean sartu nintzen ondoren hanka puntetan, Amalur eta Ttirriki Ttarraka, Gazte Kluba eta Kuadrillategi, Bertso Eskolan ere hizkuntzarekin gozatzen eta jolasten ikasi nuen. Gaur egun, euskaraz bizi naiz, bertsotan egiten dut, eta noizean behin herriko aldizkarian idazteko aukera ere badaukat, euskaraz noski. Eta hori  dena herrigintzari esker, herriari esker.

Beraz, ez nazatela berriz goraipatu lasartearra eta euskalduna izateagatik, ni ez naizelako herri erdaldun bateko euskaldun bat, herriak euskaldundutako erdaldun bat baizik.