Azaroaren 27tik 30era hamabost kasu atzeman dituzte Lasarte-Orian, eta hamahiru gehiago abenduaren 1ean, aurreko lau egunetan adina, ia-ia. Beheranzko joera, hortaz, hautsi egin da urteko azken hilabeteko aurreneko egunean.
Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietatik lautan atzeman dituzte kasuak asteartean, abenduak 1: Lasarte-Orian, arestian aipatu bezala, hamahiru; Usurbilen, zortzi; Hernanin, lau; eta, Astigarragan, bi. Andoainen eta Urnietan ez dute positibo bakar bat ere detektatu egun horretan.
Andoainen ez dute kasu bat bera ere atzeman asteartean; hori dela eta, gune gorritik atera da, 500eko mugatik oso-oso gertu badago ere: 498,64ko intzidentzia tasa dauka. Usurbilek kontrako bidea egin du, eta eremu gorrian sartu da asteartean, 538,14ko tasarekin. Astigarragako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako datuak laranja kolorez jasotzen ditu gaur-gaurkoz Osasun Sailak, eta horiz Urnietakoak. Gipuzkoako herrien intzidentzia tasa 538,21ekoa da; EAEkoa, berriz, batez beste, 421,29koa.
Asteartean 564 positibo detektatu dituzte EAEko hiru lurraldeetan, horietatik 195 Gipuzkoan. Kutsatze berriak atzemateko egin dituzten ehun PCR proba eta antigenoen test azkarretatik sei pasatxo izan dira positiboak: 8.938 proba egin dituzte, eta positibotasun tasa %6,3koa izan da.