COVID-19

Hiru positibo atzeman dituzte Lasarte-Orian, azaroko azken egunean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 13:07

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bildutako datu epidemiologikoen arabera, Lasarte-Orian hiru kutsatze detektatu dituzte azaroaren 30ean, astelehena. Orain arte, urteko azken-aurreko hilabetea izan da intzidentzia gehien izan duena gure herrian: 275 positibo detektatu dituzte, egunero bederatzi pasatxo (9,16), batez beste.

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietatik lautan atzeman dituzte kasuak astelehenean, azaroak 30: Lasarte-Orian, esan bezala, hiru; Astigarragan, bi; eta, Andoainen eta Hernanin, bana. Urnietan eta Usurbilen, berriz, positibo bakar bat ere ez dute detektatu azaroko azken egunean.

Intzidentzia tasen zifrek jaisten jarraitzen dute aipatu sei herri horietan. Andoainen gune gorrian jarraitzen du, baina 500eko mugara gerturatzen ari da. Eremu laranjan daude gainontzeko guztiak, Urnieta izan ezik, tasa are baxuagoa duenez, gune horian dagoelako. 

EAEn 486 kasu atzeman dituzte azaroaren 30ean, horietatik 186 Gipuzkoan. Araban, 71, eta 222 Bizkaian. Kutsatzeak detektatzeko PCR probak eta antigenoen test azkarrak egiten dituzte Osakidetzako langileek. Positibotasun tasa %5,6koa izan da. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemia ez dago kontrolatuta adierazle hori %5ekoa baino altuagoa bada.

Aurreko egunetako datuekin alderatuta, ospitaleratze kopurua jaitsi egin da: 371 pertsona ingresatuta daude koronabirusagatik Osakidetzako zentroetako plantetan. ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan daude 131 paziente.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: txertoekin errezeloak?

Txintxarri Aldizkaria/Elhuyar 2020 abe 01 Gizartea