'NEURE KABUZ'

Ostalaritza

Asier Odriozola 2020ko aza. 27a, 07:00

Badakit, badakigu guztiok, horretarako manifestazioak, auto-karabanak eta beste hainbat ekintza egin dituztelako, ostalariak borrokan direla. Mahai gainean bi argudio jarri dituzte: batetik ez direla pandemiaren bilakaeraren errudun eta bestetik halabeharrez ateak itxi behar badituzte, horrek bizirauteko laguntza sorta bat edo erreskate bat ekarri behar duela aldamenean.

Ez naiz horretan sartuko. Hizketan ari diren bi aldeek ezagutzen dituzte xehetasun teknikoak eta onena auzia euren esku uztea izango da. Nire hausnarketa bestelakoa da. Tabernen eta jatetxeen garrantziaz egin nahi ditut bi hitz, horiek gure kulturan, gure ohituretan eta gure egunerokoan duten pisuaz. Hori ere bagenekien seguru asko baina ateak erabat itxi dituzten arte ez gara benetan jabetu tabernako barra baten, terrazaren, edo piztutako argien eraginaz. Horiek ematen diote, lekuko dendekin batera, bizia herriari, horiek biltzen dute jendea, horiek ematen digute aukera juntadizei leku jakin bat emateko, inorekin geratzeko, edo baita estuasun batean komunera joateko ere, bide batez zurito edo kafe bat hartuta.

Gauza txikiak ematen dute hala esanda baina oso maiz esaten den bezala, zerbait falta zaigunean bakarrik ematen diogu benetan duen garrantzia eta txiki diruditen horiek ez dira berez hain txiki. 

Tabernatan asko “inbertitu” dut gaztetandik eta ez da alferrik gastatutako dirua izan, gozamenaren trukekoa baizik. Itzul dadila ahal bezain azkar gozamen hori. Ozen ospatuko dugu. Taberna batean, noski.