Indarrak batu eta harremanetan sakontzeko topaketa

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 19a, 21:36

Lasarte-Oriako neska* gazteak talde feministak antolatutako bilkura aurrera eraman dute larunbatean. Egun osoko egitarauak saretzea izan du xede.

Oriarte Institutuko jolastoki atarian hitzordua zuten topaketa feministetan parte hartzeko interesa adierazi duten neska gazteek. Koronabirusa tarteko, aurrez izena eman behar izan dute, eta hemeretzi dira hesi aurrean daudenak. Jada ohikoak diren segurtasun eta higiene neurriez gain, COVID-19ak euren asmoa aldarazi die ere. Buruntzaldea eskualdeko mugimendu feministaren saretzea bultzatzeko elkartzeko asmoa zuten, baina oraingoz baztertu egin behar izan dute; nahiz eta gaurko tokian tokiko saioetan zenbait ekimen komun modu deszentralizatuan egin. Orain, ordea,  gainditu beharreko beste oztopo bat dute: nahiz eta ikastetxearen baimena baduten, udalean ez dute jaso, eta ezin dute gunera sartu. Zenbait dei egin ondoren, behin betiko erantzuna jaso artean,  beste topagune bat bilatzeko esan diete udaltzainek eta Adarra plazan aurkitu dute. 

Galdutako denbora moldaketa txiki batzuk eginda berreskuratu dute. Zoruan, kartoi zati gainean edo esteran eserita biribil handi bat osatu dute gazteek. Nork bere burua aurkeztu du izena eta bere ezaugarriren bat gehituta, esaterako, zaletasunen bat. Denek hitza hartu ondoren, jolas baten bidez, hiru taldetan banatu dira gogoeta egiteko. Taldearen helburuak, lan ildoak, jarduerak... haietaz mintzatzeko zenbait galdera proposatu eta paperean erantzun dituzte, lehenik, eta kideekin partekatu, jarraian. 

Haiek ikusita bizilagun batek yoga egiten ariko zirela adierazi dio beste bati eta urrutitik begira izan dituzte kaletik zebiltzan beste batzuk. Horri guztiari jaramon egin gabe iritziak, proposamenak eta ideiak biltzen joan dira, amaieran, guztien artean partekatzeko. Talde bakoitzeko kide batek irakurri ditu esanguratsuenak, besteren artean, feminismoaz eta feminismo korronte ezberdinen inguruan gehiago jakiteko nahia, ahalduntze pertsonal eta kolektiboa, emakumeen arteko saretzea, gune seguru bat sortzea, neska gazteagoei transmisioa bermatzea, izaera irekia izatea, proaktiboki jokatzea, babes sare bat sortzea... Hurrengo urratsak josteko bide-orria badute.

Nahiak partekatzen ari zirela, arratsaldera arte Oriarte erabilgarri izango ez dutela jakinarazi diete. Beraz, hurrengo jarduera, pankartak margotu eta kamisetak serigrafiatzea, atari zabalean egin dute zeruko lainoek euri mehatxua egin arren. Gero, lehortzen jarri dituzte Xirimiri elkarteko eskaileretan, norbere etxetik ekarritakoa bazkaldu eta bingoan jokatu duten bitartean.  

Bertsoak eta aldarrikapena

Indarberrituta, arratsaldean, abiapuntura bueltatu dira bertso saioa egiteko. Oriarteko jolastoki estalian  aritu dira Uxue Alkorta, Oihana Arana, Haizea Arana eta Ane Peñagarikano aurrez aurre eserita zituzten neskentzat bertsotan. Hasierako agurrarekin ari zirela mutiko talde bat pasa eta iseka moduan txalo egin diete. Jarraian, “Sukaldera!“ gaztelaniaz oihua entzun da. Horri heldu diote bertsolariek lehen lana egiteko,  halakoen aurreko erantzun gisa gor bilakatzea eta barrena piztea aipatu dituzte.

Ordu eta erdiko saioa izan da; gaiak askotarikoak: Belaunaldi desberdinetako emakumeen azalean jarri eta  nola bizi duten azaldu dute, hezkuntza grebaz aritu dira, euskalkietatik hartutako hitzen esanahia asmatu dute –edo saiatu dira, behintzat– barre malkoak ere eragin dituen “kakota“, adibidez; edo mendi, kostako herri edota emakume aktore nahiz bertsolari izenekin bertsoak josi dituzte. Ondo pasa dute bertsolariek nahiz entzuleek, ingurutik interferentziak heldu arren, ozen entzun den  “Arriba España“ adibidez. Emakumezko eta euskaldun izatearen ajeak ote?

Azkenik, herriko erdiguneko kaleetan barrena manifestazioa egin dute. Goizean pintatutako pankarta eskuetan eta kamisetak soinean irten dira Okendotik, eta aldarri bana eskegi dute Kale Nagusian eta Oriarten. Aldarrikapen oihuak ere egin dituzte, “Sukaldera zuek joan zaitezte“, esaterako; eta txaloren bat edo beste jaso dute bidean igarotako terrazetan zeuden batzuengandik. Plazara bueltan, talde argazkiarekin osatu dute egitaraua. 

 

Erlazionatuak