COVID-19

Lakuak eutsi egingo die neurri murriztaileei, abenduaren 10era arte gutxienez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 20:19

Gaur arratsaldean bildu da LABI EAEko babes zibileko planaren aholku batzordea, eta erabaki du duela bi aste hartutako neurri murriztaileak beste hiru astez mantentzea gutxienez, abenduaren 10era arte. Orduan berraztertuko dute egoera. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik agerraldia egin du LABIren bilera bukatu denean, eta berretsi du neurri murriztaileak bere horretan uztea erabaki duela batzorde horrek, beste hiru astez gutxienez, abenduaren 10era arte. "Datuak hobetzen ari dira baina ez gaude ondo; egoerak eskatzen digu zuhurrak izatea".

Iñigo Urkullu lehendakariak dekretu bat sinatuko du bihar, gaur Osasun sailburuak adierazi duena berresteko. Alegia, beste bi astez mantenduko direla koronabirusaren hedapena gutxitze aldera hartutako neurri murriztaileak.

Ostalaritza itxita, etxeratzeko agindua...

LABI batzordeak hartutako erabakiak esan nahi du ostalariek ezingo dutela euren lokaletan kontsumitzeko zerbitzatu beste bi astez gutxienez. Eramateko janaria prestatzen ari dira horietako aukera dutenek, eta, hala erabakiz gero, aukera daukate kafeak eta alkoholik gabeko edariak etxera eramateko zerbitzatzeko, nahiz eta janari-eskari batekoak ez izan. Hartutako neurriak zertxobait arintzeko asmoz hartu du erabaki hori Lakuak asteon, baina ostalariek salatzen dute ez dela nahikoa. Lasarte-Orian mobilizazio ugari egin dituzte azken egunetan; asteburuan gehiago egingo dituzte.

Etxeratzeko agindua ere bere horretan mantenduko da: 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara, salbuespenak salbuespen (lan-arrazoiak, zaintzagatikoak, osasun zentro batera joan edo botikak erosi beharra, eta abar). Udalerritik atera ahalko da mugakideetara joateko, "jarduera sozioekonomikoak" egitera edota ondoko kiroldegira joateko, besteak beste. Kirol talde federatuek ezingo dute entrenatzen hasi profesionalak edo erdi-profesionalak ez badira, eta kultur ekitaldietara joateko neurriek ere bere horretan segiko dute, besteak beste.

Erlazionatuak