Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan kasuak zenbatzen jarraitu dute asteazkenean, baina koronabirusaren intzidentzia altuagoa da herri batzuetan besteetan baino. Andoainen hogei kasu atzeman dituzte; Hernanin, hamabi; Lasarte-Orian, zazpi; Astigarragan, bost; Usurbilen, hiru; eta, Urnietan, bi.
Zenbait asteren ostean, eskualdeko udalerrietako bat gune gorritik atera da, eta laranjara igaro: Usurbilek 443,18ko intzidentzia tasa -adierazten da 100.000 biztanleko zenbat kasu positibo dauzkan herri bakoitzak batez beste, azken hamalau egunetan- dauka, atzora arteko datuak kontuan hartuta. Urnieta muga-mugan dago, 500,81eko tasarekin. Andoain, Astigarraga, Hernani eta Lasarte-Oria kolorea aldatzetik urrunago daude.
EAEko hiru lurraldeetan 1.069 kasu atzeman dituzte asteazkenean, horietatik 478 Gipuzkoan. Positiboak detektatzeko PCR probak eta antigenoen test azkarrak egiten ari dira osasun langileak; atzo 14.886 egin zituzten guztira. Ehunetik zazpi pasatxo positiboak izan dira (%7,2).
Bezperan baino paziente gutxiago daude ingresatuta ospitaleetako plantetan: 477 pertsona (-8). ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan oheratuta dauden pazienteen kopurua ez dute eguneratu.