Radio San Sebastianen Bikaintasun saria jaso du Ttakun KEk, 'Euskara' kategorian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko aza. 18a, 10:51

Ser kateko Radio San Sebastian irratiak 2020. urteko Bikaintasun sariak banatu ditu Donostiako Kursaalean. Hirugarren edizioa izan da aurtengoa. 'Euskara' izeneko kategorian Ttakun Kultur Elkarteari egin diote aitortza, Euskaraldia egitasmoaren sorreran hazia jartzeagatik eta lanean daramatzan 29 urteetan euskara normalizatzearen alde egindako lanagatik. 

"Jende gutxik daki Euskaraldia Lasarte-Orian sortu zela oinarri-oinarrian", nabarmendu zuen Ttakun KEko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek eskertza hitzaldian. Berak jaso zuen saria, Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estitxu Alkortaren eskuetatik. Bi herritarrek partekatu zuten oholtza Euskara kategoriako irabazleari aitortza egiteko unean.

Ser kateari eta Radio San Sebastian irratiari eskerrak eman eta gero, Ormazabalek gogoratu zuen Ttakunek 29 urte bete dituela astelehen honetan, hilak 16, eta euskararen normalizazioaren alde lanean hasi zenetik kezkatu dela euskararen ezagutzaren eta erabileraren igoeren erritmo desberdinez. 

'Ahobizi' eta 'belarriprest' rolak

Testuinguru horretan kokatu zuen orain Euskal Herri mailan ezagunak diren ahobizi eta belarriprest figuren sorrera. "Lasarte-Oriako Udalaren eta hainbat herritar eta eragileren laguntzarekin, urteak daramatza Ttakun KEk Euskararen Maratoia antolatzen; ekitaldi horren baitan sortu ziren bi rol horiek, 40 orduz euskaraz aritzetik gure buruei 40 egunez gauza bera egiteko erronka jarri genienean Lasarte-Orian". "Esperimentu gisa hasi zena, ikerketa bihurtu zen, EHUrekin eta egun gutxi barru Abbadia saria jasoko duen Pello Jauregirekin batera". 

Duela lau urte egindako ekimenak "emaitza positiboak" eman zituela nabarmendu zuen Ormazabalek: "Gogotsu ekinez, herrian frogatu genuen posible dela euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza-ohiturak aldatzea". Ariketaren arrakasta ikusita, Lasarte-Oriako eredua Euskal Herrira esportatzeari buruz hasi ziren hizketan. "Herri mailan egindakoa, zergatik ez nazio osora zabaldu?". 

Amaitzeko, urte hauetan guztietan Ttakun Kultur Elkartearen inguruan lan egin eta parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak eman zizkien Ormazabalek. "Sari honen zati bat zuentzako ere bada".

Urte hauetan guztietan Ttakun KEren inguruan lan egin eta parte hartu duten pertsona guztiei eskaini die saria Ormazabalek 

Gainontzeko sarituak

Radio San Sebastian irratiak hiru urte daramatza Bikaintasun sariak ematen, hainbat kategoriatan. Hauek izan dira aurtengo edizioko sarituak:

'Ikerketa' kategoria

Viralgen enpresa

'Musika' kategoria La Oreja de Van Gogh taldea
'Kirola' kategoria Hondarribia Arraun Elkartea
'Euskara' kategoria Ttakun Kultur Elkartea
'Artea eta kultura' kategoria Chillida Leku museoa
'Enpresa' kategoria Grupo Uvesco taldea
'Gastronomia' kategoria Petritegi sagardotegia
'Eragin soziala' kategoria Gipuzkoako osasun langileak
Humanitate eta Komunikazioaren Iñaki Gabilondo saria 'Patria' telesaila
Radio San Sebastian irratiaren entzuleen saria Zaporeak egitasmoa

Erlazionatuak