Bego Toquero: "Azalpen bat bilatu behar zaio guzti honi; diagnostiko bat behar dugu"

Maddi Zaldua 2020ko aza. 13a, 16:34

Otsailean agertu zitzaizkion lasarteoriatarrari ondoezaren lehen sintomak. Eztarriko zein buruko mina eta sukarra, besteak beste, baina negatibo eman du koronabirusa atzemateko probetan. Orduz geroztik, gaixoaldiari aurre hartu ezinik dago eta COVI-19 iraunkorra duela susmatzen dute. Bere egunerokoaren berri eman dio TXINTXARRI-ri eta azpimarratu du, diagnostiko baten beharra duela

Ia bederatzi hilabete damaratza Begok ondoezik. Otsail amaieran, koronabirusaren informazio gehiegi oraindik  hedatu gabe zegoen garaian hasi zen eztarriko eta buruko minarekin eta baita sukarrarekin ere. Momentuko ohiko gaixoaldia izango zenaren ustetan igaro zituen lehen egunak, baina egun eta asteek aurrera egin, eta sintomak ez zitzaizkion desagertu. Orduz geroztik, ondoezik jarraitzen du. Bolada batzuetan hobekuntza txikiak antzematen dituen arren, gaixorik jarraitzen du, eta, neke eta giharretako minaz gain, febrikularekin bizi da gaur-gaurkoz.  

Nola hasi zen guztia? Otsailean lehen sintomak agertu, eta … 
Otsaila bukaeran, oraindik, hemen COVID-19aren inguruan ez zen ezer entzuten, medikuek ere konsultan atenditzen gintuzten. Katarro soil bat zenaren ustearekin hasi nintzen; eztula pixka bat, eztarriko mina eta sukarra, 38,5eraino.

Ostegun bat zen, nik laneko bajarik ez nuen hartu, pentsatuz asteburua ohean pasata aurrera jarraitzeko moduan izango nintzela, baina egunak aurrera joan ahala, ez eztarriko mina ezta sukarra ere ez ziren desagertzen. Orduan, hamabost egun pasa ondoren, bestelako jarraipenak egiten hasi zitzaizkidan. Plaka eta analitika bana egin zizkidaten, baina ez zuten COVID-19arekin harremandu. Momentu hartan, Txinara edo Italiara bidaiatu ote nuen soilik galdetu zidaten. Ezezkoa erantzun nien, eta erantzun horrekin, PCR probarik ez zuten planteatu ere egiten.

PCR probarik egin ez, hortaz koronabirusarekiko susmorik ez zuten medikuek.
Ez, hasierako egun horietan PCR probarik ez zidaten egin. Baina sukarra desagertzen ez zela kontuan hartuta, Lasarte-Oriako anbulatoriotik ospitaleko barne-medizinara bideratu ninduten, eta orduz geroztik, bertatik egiten didate jarraipena.

Lehen hamabost egunak igaro eta sintomek zurekin jarraitzen zutela ikusita, zein prozesu jarraitu duzu?
Nire kasuan ospitalera bideratu eta egin zidaten lehenengo proba odoleko analitika bat izan zen, bilatzen ari zirelako sukarrarekin zerikusia izan zezakeen birus edo bakteriaren bat.  Analitika horretan, ordea, dena ondo dagoela esan didate, ez dagoela ezeren arrastorik.  

Justu momentu horretan, martxo erdialdera iritsita, itxialdia agintzen digute eta nire aurrez aurreko ospitaleko hitzorduak amaitzen dira; dena telefonikoa bihurtzen da. Horrekin batera, etxekoak ere hasten dira hainbat sintomekin, eta hor agertzen da COVID-19a izan daitekeenaren susmoa lehenengoz. Hortik aurrera hasi zitzaizkidan posible COVID-19” gisa artatzen.

Maiatzaren erdialdean egin zidaten lehenengoz PCRa eta negatibo eman nuen. Serologikoa ere egin zidaten, eta, berdin, negatiboa izan zen emaitza. Hortik aurrera, behintzat, ireki zitzaizkidan atean ospitalean behintzat frogak egin ahal izateko. Nahiz eta sintomak eduki eta frogatan negatibo eman, aukera neukan eskanerrak edo beste analitika batzuk egiteko. Ordura arte ezin bainuen ospitalera joan sukarra naukalako, PCRrik gabe; soilik urgentziatik. Analitika horietan ez zen ezer agertzen.

Gaur-gaurkoz zein sintomekin jarraitzen duzu?
Lehen egunetan sentitzen nuen eztarriko mina eta eztula desagertu dira, baina febrikula geratu da. Horrez gain, sekulako nekea, artikulazioetako mina eta buruko mina ere bai; mina baino gehiago, buruan behelainoa sartuta izango banu bezala sentitzen dut, pentsatzen uzten ez didana, sentsazio arraroa da.

Bederatzi hilabete igaro dira guzti honekin hasi nintzenetik, eta nire egoera ziklikoa izan dela esango nuke; ez da egonkorra izan. Bolada batzuk hobeto igarotzen ditut eta beste batzuetan, aldiz, okerrera egiten dut. Urria amaiera eta azaroa hasieran hobekuntza antzeman dudan arren, azken aste hauetan okerrera egin dut. Sukarrarekin hasi naiz berriro, eta gaur-gaurkoz hala jarraitzen dut. Joan den igandean sukarrarekin hasi nintzen berriro, eta orduz geroztik okerrera egin dut.

Zure eguneroko martxari nola eragin dio COVID-19 iraunkorraren susmoa edukitzeak?
Otsail amaieratik bajan nago, eta, hortik hasita bakarrik, eragin nahiko handia da lanik egin ezin ahal izatea. Egia da guztion egunerokoa asko aldatu dela koronabirusa agertu zenetik, baina, nire kasuan, maiatz erdialdera arte guztiz konfinatuta egon naizen aldetik, asko eragin dit. Beldurra sentitu dut hasieran ez bainekien kutsatzeko arriskua ote zegoen ala ez eta harremanak ere, batez ere adineko jendearekin asko neurtu ditut. Aurrerago medikuek erabateko normaltasunez kalera irteteko baimena eman zidatenean horrek arindu zuen pixka bat egoera. Dena den, gaur egun ez nago liburu bat irakurtzeko moduan, kontzentrazio falta handia sumatzen dut eta baita nekea ere eta horrek asko mugatzen nau; Oriatik herrira jaisteko ere komeriak izan ditut zenbait egunetan.

Esperantza daukat pasako dela, gaixotasun honetatik sendatuko naizela, baina askotan zaila da pentsamendu horri eustea. Sintomak gutxitzen joaten diren egunetan esperantza sentitzen dut, sendatuko naizela pentsatzen dut, baina egunak pasa eta berriro ere okerrera egiten dudanean, esperantza hori desagertzen da.

Febrikularekin bizi behar izateak ere asko mugatuko du zure egunerokoa kalean. Gaur egun, leku publiko askotara sartzeko tenperatura neurtzen dute; antzokietan, kirol instalazioetan...
Gertatu zait sartu ezinik geratzea lekuren batean edo bestean, baina azalpenak ere ez ditut gehiegi eman. Ulertzen dut, adibidez, Anoetako mini estadiora sartzen diren pertsonei tenperatura hartzen ari den pertsonari azalpenak ez dizkiodala eman behar, hortaz, kanpoan geratu izan naiz eta kitto. Gertuko jendearekin edo konfiantza dudanekin, ordea, hitz egin dut, azaldu diet nire egoera eta ez didate inolako trabarik jarri. Medikuak ere eskaini zidan agiri bat, baina, gaur-gaurkoz, saiatzen naiz tenperatura neurtzen duten lekuak ekiditen.

Diagnostiko argirik, ordea, ez duzu, eta otsailetik bajan zaude. Hori kudeatzeko ere zailtasun bat baino gehiagorekin aurkituko zinen, ezta? Zein da Begoren bajaren arrazoia?
Nire baja-paperetan , gaur egun ere, eztarriko mina agertzen da. Ez dute hori aldatu. Bajan sei hilabete igaro ondoren, ikuskariek begiratzen dituzte kasuak. Hemen, Lasarte-Oriako anbulatorioko nire medikuarekin eduki ditut elkarrizketa ez oso atseginak, izan ere, analitikako emaitzetara mugatzen bagara, dena ondo dago, baina ni ez nago ondo.

Osakidetzako ikuskariarekin arazoak izan ditut. Otsailetik hona, bi motatako medikurekin egin dut topo: alde batetik, nire kasuaz jakin ez eta galduta dagoela onartzen duen medikua, baina prozesuarekin bat egiten duena, egoerak aurrera nola egiten duen ikusteko prest dagoena; eta, bestetik, nire egoera zalantzan jartzen duen mediku mota, sinesten ez didana, analitikei begiratu eta dena normal dagoela besterik adierazten ez duena. Azken horiek psikologikoki gaizki egongo banintz bezala sentiarazi naute; animoak eman dizkidate, kalera irteten hasi behar nuela, eguneroko martxari ekin behar niola, lanera itzultzeko saiakera egin beharko nuela eta abar. Egia da otsail amaieran hasi nintzela guzti honekin, hemen emandako lehenengotariko kasuetariko izango nintzela seguruenik eta ez zuela sekula nire kasuaren berri entzungo. Hor, ordea, barne-medizinakoek nire kasuaz egindako txostenak irakurtzen zituen, eta bere arrazoiketa horretan atzera pausuak ematen zituen; itxaron beharko dugu, ikusi beharko da zer ateratzen den…

Aitortu behar dut noski, nire kasuan ospitaleko medikuak enpatia handia erakutsi didala beti eta ez du inoiz zalantzan jarri nire sintomak zeintzuk diren, baina ez da batere atsegina izan zalantza guzti horiei aurre hartu beharrean bizitzea; gaixorik nago eta azalpenak ematen aritu beharra ez da atsegina. Momentu askotan inork ulertzen ez ninduela sentitu dut.

Ezjakintasunean bizi duzue zuen egunerokoa. Horrek zure gaixotasun fisikoari gehitzen dio gain karga bat, ezta? Psikologikoki egoera guzti hau kudeatzea ere ez da lan erraza izango.
Nire kasuan neurri batean buruaren egoerari ere eman diodala nolabaiteko buelta bat, baina ez da erraza izan. Honekin gertatzen dena da gaixo askok duten diagnostikoa antsietatea edo depresioa dela. Argi daukagu kasu askotan antsietatea edo depresioa, edo biak, ematen direla, baina ez direla gaixo egotearen zergatiak, baizik eta gaixo egotearen ondorioz sortutako albo-kalteak. Nire kasuan, ez dakit ez nola ezta zergatik ere, baina alderdi hori nahiko bideratuta daukat. Nire nahia horretan ez pentsatzea den arren, burua askotan bakarrik doa, eta buruaren erritmoari neurria hartzea oso zaila da askotan. Eta horri gehitzen badiozu gaixotasunak kasu askotan etxetik ezin atera uzten zaituela, ba pentsa, nola ez naiz ba egongo deprimituta edo antsietatearekin? Baina hori izan daiteke beste sintoma bat; ez da hori guzti honen arrazoia.

Eta lanean? Arazorik izan duzu egoera guzti honekin?
Inolako arazorik ez dut izan. Laneko medikuak ere egiten dizkit jarraipenak eta ez dut inolako arazorik izan inoiz. Are gehiago, nirekin batera egoera guzti honekin ikasteko prest agertu dira beti bai lankideak eta baita laneko medikua ere. Informazioa partekatu dugu, kontaktuan gaude.

Zuk, orduan, argi duzu COVID-19aren ondorio direla dituzun sintoma horiek?
Zehaztapen bat egin nahiko nuke hemen; ez dakigu sintomak COVID-19aren ondorio diren edo gaitza organismoaren barruan dagoelako diren. Artikulu ugari argitaratzen ari dira, baina ikerketa nahikorik ere ez da egin; ez da denbora nahikorik pasa ikerketa zientifikoak edukitzeko. Nik argi daukadana da gaizki nagoela, gaur egun gaixo nagoela oraindik eta azalpena bat bilatu behar zaiola honi. Ez dira nire gauzak.

Kolektibo bat ere sortu duzue bizitzen ari zareten egoera hau ezagutarazi eta beharrak kudeatzeko.  Zein behar aldarrikatzen dituzue eta zein puntutan zaudete? Zer da lortu duzuena? Eta zer botatzen duzue oraindik faltan?
Euskal Herrikoarekin harremanetan nago ni eta bertako kide garen gehienak nire kasu bera bizitzen ari dira; proba biologikoetan negatibo ematen dugunak gara, baina gaur-gaurkoz sintomekin jarraitzen dutenak.

Alde batetik, gaixotasun gisa aitortza bat eskatzen dugu. Erresuma Batuan gaixotasunaren onarpena egin da, aurrerapauso bat bada, eta, gutxienez, hor badaukagu eredu hori. Horrekin batera, sintomak zeintzuk diren adierazi eta horiei aurre egiteko tratamendu bat lortzea; ikerketa egitea.

Bajekin ere badira konpondu beharreko gauzak. Nire kasuan, eztarriko mina agertzen da nire bajan, baina hori ez da diagnostiko bat, sintoma bat baizik. Kasu honetan, aldea dago positibo eman dutenekin; horiek diagnostiko bat dute; guk, ordea, oraindik ez.

Osasun sailarekin harremanetan gaude. Gure egoera ezagutarazi diegu eta kolektiboak eskatzen dituen puntuak ere helarazi zaizkie. Gasteizen ere bilera bat egin dugu  parlamentari batekin, gure egoera aurkeztu zitzaion; gure nahia da parlamentura gonbidatuak izatea aurkezpena bat egiteko eta gure egoeraren berri emateko.

Eskatzen duzuen horrek erraztuko du zuen egunerokoa; eramangarriagoa egingo du?
Bai, behar dugu, gaixorik gaude. Medikura joan behar dugu eta gainera, dagoeneko ez daukagun indar guzti horrekin joan behar dugu. Medikuei aurre egiten ibili behar gara. Medikuntzari dagokion ezagutzarik ez daukat, orduan, adibidez, planteatu diot ea zergatik jarri didaten bajan eztarriko mina dudala. Hori guztia behar bezala, dagokion kodearekin zehaztuta baldin badator ez genuke horrela ibili beharko; indar horiek beste gauza baterako gordeko genituzke.

Ez dakigu irakurleen artean zurea bezalako beste kasurik egongo ote den. Hala balitz, hitzen bat zuzendu nahiko zenieke? Eta zurekin edo kolektiboarekin harremanetan jarri nahiko balu, nola egin dezake?
Nire medikuak esanda, zehazki nortzuk diren ez dakidan arren,  badakit Lasarte-Orian badaudela ni bezalako beste kasu batzuk. Kolektiboarekin harremanetan jartzera animatuko nituzke. Informazio asko jasotzen dugu eta niretzat oso lagungarria izaten ari da. Gure egoera berean dagoen jendearekin hitz egiteak eta bizizten ari garena konpartitzeak babes handia ematen dit, norbaitek nola nagoen eta zer bizitzen ari naizen ulertzen duela ere sentitzen dut. 
Kolektiboarekin harremanetan jartzeko modu ezberdinak daude. covidpersistente.euskalherria@gmail.com posta helbidea sortu dute eta bertara idatzi dezakete interesa dutenek. Sare sozialen bidez ere bai; Twitterren eta Facebooken.